Gizartea -

LOMCE

LHko 3. mailako azterketa bertan behera, Gasteizko bi ikastetxetan

Proba egiteko ikasle nahikoa ez zegoela eta, bertan behera utzi dute Salburua eskola publikoan eta Arantzabela ikastolan.

Guraso elkarteek deituta, elkarretaratzeak izan dira hainbat eskolatan. EiTB
Guraso elkarteek deituta, elkarretaratzeak izan dira hainbat eskolatan. EiTB
3. mailako azterketa pilotuei planto egin diete 3 ikastetxe publikotan

01:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bertan behera utzi behar izan du Gasteizko bi ikastetxetan Lehen Hezkuntzako (LH) 3. mailako ikasleei egin beharreko azterketa diagnostikoa, gurasoek egin duten plantoa dela eta.

Salburua eskola publikoko eta Arantzabela ikastolako LHko 3. mailako ikasleen gurasoek ez dituzte umeak eskolara eraman eta, azterketa egiteko behar den gutxieneko ikasle kopurua ez zegoela ikusita, bertan behera utzi dute proba. Asteartean, gauza bera gertatu zen Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolan ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko 30 zentrotan egin nahi zuen azterketa Hezkuntza Sailak. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egiten ditu, eta ez dute eraginik ikasleen datu akademikoetan.

Salburua eskolako eta Arantzabela ikastolako guraso elkarteek antolatuta, elkarretaratzeak izan dira goizean bi ikastetxeen aurrean. Aurreikusita zegoen bezala, LHko 3. mailako ikasle oso gutxi joan dira: Salburuan bat ere ez eta Arantzabelan "bakar batzuk", EFEri gurasoek jakinarazi diotenez.

Azterketa egiteko gutxienez 10 ikasle behar direnez, ISEIk bertan behera utzi du proba.

"LOMCE aplikatzeko lehen pausoa"

Guraso elkarteen arabera, diagnosi azterketa hau "LOMCEk eta Heziberrik ezarritako errebalidak" ezartzeko "lehen pausoa" da.

"Gure jarrera ezagutzera emateko planto egin dugu, LOMCE ez aplikatzeko eta hirugarren mailako azterketa hauek ez egiteko eskatzen diogu Jaurlaritzari. Gogoeta eta eztabaida prozesu bat abia dezala hezkuntza komunitatearekin, hezkuntza eredu propio bat lortze aldera", aldarrikatu dute.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak "lasaitasunerako" deia egin zuen joan den ostegunean, eta azterketak eragin akademikorik ez zuela berretsi zuen. Gaurkoan, Hezkuntza Saileko iturriek ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Bestalde, LOMCEren kontrako Gasteizko plataformak Wert Legearen kontrako mobilizazioa deitu du ekainaren 5erako, 18:00etan hasita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Eskola Publikoa albisteak Gasteiz Salburuari buruzko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak