Gizartea -
Immigrazioa
4.200 etorkini asiloa emateko eskatu dio EBk Espainiako Estatuari
Alemaniak 8.760 pertsona hartu beharko ditu, eta Frantziako Estatuak 6.750. Gainerako 20 estatuen artean banatu beharko dituzte beste 40.000k.
agentziak | erredakzioa
Europako Batzordeak proposatu du Batasuneko estatuek Italiara eta Greziara iritsitako 40.000 etorkini asiloa ematea, eta Alemania eta Frantziako eta Espainiako Estatuak izatea premiazko banaketa horretan esfortzu handiena egingo dutenak.
Alemaniak 8.763 etorkin hartu beharko lituzke, Frantziako Estatuak 6.752 eta Espainiakoak 4.288; hau da, 19.803 hiruen artean, eta gainerakoak Europar Batasuneko beste 20 estatuen artean banatuko lituzkete.
Gainera, Britainia Handia, Irlanda eta Danimarka kanpoan geratuko lirateke, Justizia eta Barne gaietan ez parte hartzeko eskubidea dutelako. Era berean, Italiak eta Greziak ez lituzkete hartu behar, legez kanpoko etorkinen arazoa gehien pairatzen dutenak direlako.
Europako Batzordearen proposamenaren baitan aurrekontua ere adostu dute. Hala, estatuek 6.000 euro jasoko lituzkete etorkin bakoitzeko, hau da, 240 milioi euro guztira.
Trukean, Italiak eta Greziak etorkinak identifikatu eta horien hatz markak gorde beharko lituzkete, egun egiten ez den zerbait.