Gizartea -

Herri Urrats 2015

Eguraldia lagun, jendetza bildu da Senpereko lakuaren inguruan

Bildutako diruarekin Ziburuko Kaskarotenea ikastola eraikiko dute. Halaber, sinatu beharreko lurralde-kontratuan euskarak berezibiko garrantzia izatea eskatu dute Seaskako arduradunek.

Eguraldi paregabea gaur Senperen, Iparraldeko ikastolen jaiaz gozatzeko. Argazkia: EiTB
Jendetza bildu da Herri Urratsen

1:36

M.I. / T.S.J. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka euskaltzale bildu dira igande honetan Senpere lakuaren aldamenean 2015eko Herri Urrats Iparraldeko ikastolen jaialdiarekin bat egiteko. Aurten bildutako dirua Ziburuko Kaskarotenea ikastola eraikitzeko erabiliko da, eta ekimen horri babes osoa erakutsi diote milaka lagunek.

Giroa paregabea izan da goizeko lehen orduetatik, batik bat antolatzaileek prestatutako egitarauari esker. Izan ere, adin guztietako lagunentzat ekitaldiak aurreikusi dituzte, eta musikak, urtero legez, protagonismo berezia izan du. Gauzak horrela, agertokietan hainbat musika-taldea izan dira: Aire Ahizpak, Aguxtin Alkhat, Betagarri, Joxe Replay, Glaukoma, Willis Drumond (Niko Etxartekin batera, aurtengo abestiaren egilea, hain zuzen ere). Gainera, Torii taldea eta Nahia Zubeldiak eta Manu Mathhysek osatutako elektro-folk bikotea ere aritu dira kantuan.

Euskararen garrantzia lurralde-kontratuan

Bestalde, aldarrikapen eguna ere izan da, eta bertan bildutako ordezkari politikoek, Departamenduko presidenteak, hainbat legebiltzarkidek, zenbait senatarik, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, besteak beste, euskararekiko konpromisoa berretsi dute.

Seaskako arduradunek azaldu dutenez, Kaskarotenea ikastola eraiki ahal izateko baimena bidean da, eta datorren ikasturtea eraikin berria hastea espero dute. Era berean, gaur bildutako dirua Seaskak datorren ikasturtean irekiko dituen hiru ikastola berrientzako ere erabiliko dute.

Bestalde, lurralde-kontratu berrian euskarari berebiziko garrantzia eman behar zaiola esan du Ur Gorostiaga Iparraldeko Ikastolen Federazioa Seaskako zuzendariak. "Hainbat lan egin dira, hainbat txosten finkatuz euskarak behar duela kualitatiboko eta kuantitatiboki bultzada berria, eta hori Departamenduarekin, Akitaniarekin eta Estuarekin negoziatuko den lurralde-kontratuan gauzatu beharko da", azpimarratu du Gorostiagak.

Amaitzeko, euskal hautetsiek ez dezatela instituzio bakar baten aukera baztertu eta urte amaieran babes dezatela eskatu du.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esan duenez, "Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Gutuna berretsi behar du".

Frantxua Maitia sozialistak, berriz, gogoratu egin du Euskararen Erakunde Publikoak, Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak hirugarren hitzarmena sinatu behar dutela aurten.

Balorazio positiboa

Seaskako kideek balorazio positiboa egin dute eta pozik azaldu dira jasotako babesagatik. Hala, Paxkal Indo Seaskako presidenteak azpimarratu du aurtengoa edizio arrakastatsua izan dela, herritar asko gerturatu direla Senperera eta giroa ezinhobea izan dela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herri Urrats 2024 Iparraldea berriak