Gizartea -

Indarkeria matxista

38 urteko espetxe zigorra ezarri diote Juan Carlos Aguilarri

Fiskaltzak bi urte murriztu du espetxe zigorra, krimenak egin izana aitortu zuelako. Gehienez, 25 urte emango ditu kartzelan.

Juan Carlos Aguilar, epaiketaren saio batean. EiTB
Juan Carlos Aguilar, epaiketaren saio batean. EiTB
38 urteko kartzela zigorra ezarri diote Juan Carlos Aguilarri

1:22

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak 38 urteko espetxe zigorra ezarri dio Juan Carlos Aguilarri, bi emakume, Yenny Sofia Rebollo 40 urteko kolonbiarra eta Maureen Ada Otuya 29 urteko nigeriarra, hiltzeagatik.

Krimenak 2013ko ekainean egin zituen, Bilbon, eta hilketok agerian utzi zuten emakume etorkinen babesgabetasuna.

Apirilaren 24an, epaimahaiak erruduntzat jo zuen Aguilar, bi emakumeak azpikeriaz hiltzeagatik, baina ez zion basakeria egotzi.

Gaur, Manuel Ayo epaileak zigorra iragarri du: 38 urteko espetxe zigorra (19 hilketa bakoitzeko), hau da, Fiskaltzak eskatutakoa baino bi urte gutxiago. Krimenak egin izana aitortu zuelako eta zigor aurrekaririk ez duelako murriztu dio kondena.

Horrenbestez, gehienez 25 urte emango ditu espetxean Juan Carlos Aguilarrek. Basakeria ere egotzi izan baliote, 30 urte emango zituzkeen.

Epaileak ez du baloratu nahi izan basakeriaren eztabaida, epaimahaiak ez zuelako jaso.

Ada Otuyaren senideen abokatua zigorraren aurka agertu da, Radio Euskadin egindako lehen balorazio batean, eta gogor kritikatu du "bi urte barkatu izana".

Epaiketa apirilaren 17tik 22ra egin zuten, Bilboko Justizia Auzitegian. Fiskaltzaren galderei erantzunda, Aguilarrek krimenak aitortu zituen. "Bai, dena aitortzen dut", esan zuen, epaiketa osoan adierazitako esaldi luzeenean.

Jenny Sofia Rebollo 40 urteko kolonbiarrak bi seme-alaba adingabe zituen. Bat berarekin bizi zen, Bilbon, eta bestea Kolonbian. Bestalde, Maureen Ada Otuya 29 urteko nigeriarrak urtebete zeraman Bizkaiko hiriburuan. Aldez aurretik, Gasteizen eta Estatuko beste hainbat hiritan ere bizi izan zen, ogibide bila.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Indarkeria matxista