Gizartea -
'Tarjona' operazioa
Talde jihadistei arma ilegalak saltzen ari zaizkien ikertzen ari dira
Espainian jarduten zuen sare bat desegin du Poliziak; antza denez, atzerrian erabili ezinik utzitako armak erosten zituzten, ondoren konpondu eta berriz saltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak ikerketa hasi du, Espainian jarduten zuen sare bat desegin eta gero, jihadistek merkatu beltzean armak erosten dituzten argitzeko. Antza denez, atzerrian erabili ezinik utzitako armak erosten zituzten, ondoren konpondu eta berriz saltzeko. Zazpi pertsona atxilotu, eta 99 arma eta 21.000 kartutxo atzeman dituzte.
Atxilotuek tailer batean egiten zituzten lanak, Alacanten. Ikertzaileen ustean, hiri horretan 20 arma saldu zituzten, baina salerosketak egiteko ohiko lekua Malaga da, han ehun bat saldu dituztela uste baitute. Horien arabera, "baliteke armak talde jihadistek jaso izana".
Hori dela eta, orain saldutako armak non dauden zehazteko lanetan dihardute, 'Tarjona' operazioaren baitan; Europa mailan egin dute operazioa, Europolek koordinatuta.
Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren kontrako Inteligentzia Zentroak terrorismo jihadistaren eta krimen antolatuan jarduten diren taldeen arteko lotura berretsiko luketen 200 zantzu baino gehiago atzeman ditu, Barne Ministerioaren datuen arabera.