Gizartea -

Lurrikara

Nepalen desagertutako bi euskal mendizaleak aurkitu dituzte

EAEko 26 lagun onik daude eta beste bat ospitalean dago. Bestalde, Nafarroako 11 bizilagun zeuden Asiako herrialdean lurrikara jazo zen unean.

Nepaleko amesgaiztotik atera eta etxera iristear dira bi bikote bizkaitar

1:44

E.G D.P | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nepalen desagertuta zeuden bi euskal mendizaleak topatu dituzte arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez. Lurrikara handi batek herrialdea astindu zuen larunbatean eta milaka biktima utzi zituen.

Bi arabarrak egoera onean aurkitu eta datozen orduetan Katmandura eramango dituzte, iturriek gaineratu dutenez.

Asteburuan Nepal astindu duen lurrikarak 3.700 pertsona hil ditu dagoeneko, eta biktimen artean euskal herritarrik ote dagoen egiaztatzen saiatzen ari dira EAEko zein Nafarroako agintariak.

Gutxienez 38 euskal herritar daude Nepalen, eta goizean guztien berri zuten jadanik, bi euskal mendizaleak kenduta. Biak Katmandun zeuden, baina lurrikara gertatu baino bi egun lehenago herrialdeko beste zonalde batera joan ziren trekkinga egiteko.

Printzipioz, 5.000 metroko mendi bat igotzeko asmoa zuten bi mendizaleek, baina azkenean Langtangera trekkinga egitera joan ziren, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez.

Herri edo hirietatik urrun dauden herritarrak aurkitzeko denbora gehiago behar izatea ?zentzuzkoa? dela esan du Elorzak agerraldian.

Orain arte ezagutu diren informazioen arabera, gutxienez 38 euskal herritar zeuden Asiako herrialdean lurrikara izan zen unean..

Elorzak azaldu duenez, EAEko 27 herritar zeuden Asiako herrialdean hondamendia jazo zen unean. 26ak lokalizatu dituzte jada; horietatik bat, ospitalean dago, lurrikara baino lehen izandako zaurietatik osatzen.

"Erredura larriak"

Elorzak zehaztu duenez, 27 herritarretatik 13 trekkinga egiten ari ziren eta Annanpurna inguruan daude. Beste zazpi Katmandun daude eta gainerako seiak, Pokharan. Ospitalean dagoen lagunari dagokionez, "erredura larriak" ditu oinetan eta herrialdetik lehenbailehen ateratzeko lanak egingo dituzte.

Jaurlaritzako ordezkariak nabarmendu duenez, familiek baieztatu diete 26 lagun horiek Nepalen zeudela larunbatean. Elorzak iragarri duenez, Jaurlaritzak 3,2 milioi euroko laguntza humanitarioa bideratuko du Nepalera.

eitb.eus-ek bildutako datuen arabera, Berriozarko (Nafarroa) zortzi bizilagun, Eibarko (Gipuzkoa) lau, Alonsotegiko (Bizkaia) lau, Gasteizko (Araba) hiru, Iruñeko bi, Donostiako bat, Noaingo bat eta Lemoako (Bizkaia) beste bat zeuden bertan. Senideekin harremanetan jarri dira jada, ondo daudela baieztatzeko.

Bestalde, bi gasteiztarrek gaur goizean lortu dute Nepaletik ateratzea, Malaysiarako bidean, larunbat goizetik kalean izan eta gero. Alonsotegiko laurak ere Madrilerako bidean daude une honetan, hegazkinez, eta 14:00etan iritsiko dira Barajasera, Juan del Hoyo Viajes Azul Marino bidaia agentziako buruak baieztatu duenez.

11 nafar, onik

Nafarroako bizilagunei dagokionez, 11 dira herrialdean zeudenak, Javier Morras kontseilariak jakinarazi duenez.

Gobernuz kanpoko erakunde bateko bi langile, Everesteko beheko kanpamentuan zegoen mendizale bat eta Berriozarko zortzi lagun, tartean Txentxo Jimenez Aralar-Nafarroa Bai taldeko parlamentaria. Talde hori New Delhira abiatzekoa da gaur autobusez, posible badute.

"Denak ondo daude. Osasunez ondo eta lasai. Ez dugu nafar gehiagoren berririk", erantsi du Morrasek, "ziurtasun erabatekoa izatea ezinezkoa" dela ohartarazi duen arren.

Gainera, Iparraldeko mendizale talde bat Nepalen dago, ETBk jakitera eman duenez. 15 mendizaleko talde bat da eta onik daude. Antza denez, beraiekin hitz egitea lortu dute, baina komunikazioa kalitate eskasekoa zen.

Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak baieztatu duenez, espainiar nazionalitatea duten 116 pertsona bilatzen ari dira herrialdean. Beste 340 dagoeneko topatu dituzte.

Espainiako Gobernuak ere telefono zenbaki eta helbide elektroniko hauek jarri ditu eskura:

- (91)1141293000

- (91)9810174160

- emb.nuevadelhi@maec.es

unidaddecrisis@maec.es

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Lurrikara Nepalen 2015