Gizartea -
EUSKARA
Euskaraz hitz egiten utzi ez diotelako, aretoa utzi du Garitanok
Beti bezala, euskaraz hasi zuen prentsaurrekoa atzo Eibarko entrenatzaileak. Almeriako kazetariak kexuka hasi ziren, eta Garitanok alde egitea erabaki zuen. Sare sozialetan babes mezu uholdea jaso du.
EITB.EUS
Gaizka Garitano Eibar futbol taldeko entrenatzailea kirol orrietatik kanpo albiste da, atzoko partida osteko prentsaurrekoan egin zuenagatik; entrenatzaile deriotarrak ematen dituen prentsaurreko guztietan bezala, atzokoan ere, Almeriaren kontrako partidaren ostean, euskarazko galderak erantzuteari ekin zion lehenik.
Joseba Urkiola ETBko kirol kazetariaren galderei erantzunez hasi zuen agerraldia Garitanok, euskaraz. Hasi orduko, zenbait kazetari keinuka eta kexuka hasi ziren. Ondoren, Almeriako futbol taldeko prentsa arduradunak kazetariei jakinarazi zien Garitanok lehendabizi euskarazko galderei erantzungo ziela, "Bartzelonakoak etortzen direnean katalanez egiten duten moduan", eta errespetua eskatu zien bertan zeuden kazetariei.
Urkiolak berriro egin zion galdera Garitanori, eta Eibarko entrenatzailea erantzuten hasi zen. "Ez gara ezertaz enteratzen ari", esan zion kexaka kazetari batek entrenatzaileari, eta Almeriako prentsa buruak berriz kargu hartu zien. Garitanok une horretan aretotik alde egitea erabaki zuen.
Gertakariak zalaparta handia eragin du sare sozialetan; atzotik, Garitanoren jarrera txalotuz, mezu uholdeak ez du etenik Twitterren. Patxi Baztarrika Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikarako sailburuordeak ere, sare sozial hori aukeratu du bere iritzia emateko: "Bikain Garitano eta Almeriako prentsa burua. Hizkuntz aniztasuna onartu gabeko kontua da askorentzat Espainian. Bada zereginik. Gaizkarena: erabili!", aldarrikatu du Baztarrikak.