Gizartea -

Nazismoa

Angel Lekuona, Flossemburgeko kontzentrazio esparruan hildako gudaria

SS indarrek 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten, hain zuzen ere, tropa aliatuek naziak garaitu baino hamar egun lehenago.

Angel Lekuona. Argazkia: EiTB
Angel Lekuona. Argazkia: EiTB
Angel Lekuona gudaria Flossemburgeko kontzentrazio eremuan hil zuten

2:05

Iñaki Olano | ETB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren Mundu Gerrako Alemaniaren porrotak 70 urte bete ditu, eta kontzentrazio esparruetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte oroimenari eusteko.

Kontzentrazio esparru horietako batean galdu zuen bizia Angel Lekuona Beitia euskal gudariak, askapena atarian zuenean.

Naziek egindako fitxan 40476 zenbakia eta preso politikoaren sailkapena zeukan Angelek. Busturiarra zen, Apraize baserrian sortua, 11 seme-alabetan zaharrena. Bigarren Mundu Gerran hil zutela beste euskaldun batek kontatu zion sendiari gutun lazgarri baten bidez. Horrela jakin zuten SSek fusilatu zutela 1945eko apirilaren 10ean, soldadu estatubatuarrek Flossemburgeko kontzentrazio esparrua askatu baino hamar egun lehenago.

Anton Gandarias, Angel Lekuonaren iloba, Europa osoko artxibategietan barrena ibili da osaba Angelen nondik norakoak ezagutzeko. Piriniotan gudari aritu zen, baina preso hartu zuten Frantzian eta orduan hasi zen busturiarraren gurutze-bidea hainbat espetxe eta kontzentrazio esparrutan barrena. Alemaniara, Buchenwaldera eraman zuten naziek beste 1900 presorekin batera, eta handik gerra amaitzear zela, Flossemburgera. Aliatuengandik ihesi, frogarik ez uzteko SSek milaka presorekin hegoalderantz "Heriotzaren Martxak" abiarazi zituztenerako, Angel gaixorik zegoen jada, pleuresiak jota. Gatibuek oinez ehunka kilometro egin behar zituzten egun gutxitan. Horregatik fusilatu omen zuten, gaitzak jotako beste hainbat gatibu bezala.

Lehendik ere ezagutzen duen Flossenburgera itzuliko da orain Anton Gandarias, emaztearekin eta bi semeekin batera. Gertatu zenaren berri eman nahi die aitak, nahiz eta ez dien SS indarren ankerkeriari buruzko xehetasunik emango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania Memoria Historikoa