Gizartea -

Nepalgo lurrikara

Biktimen artean euskal herritarrik den zehaztu nahian da Jaurlaritza

"Nepalen egon daitezkeen euskal herritarren egoerari buruzko informazioa biltzea da gure lehentasuna", esan du Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako arduradunak.

Erkoreka: 'euskal kalteturik dagoen ezin dezakegu baieztatu'

0:35

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak zabaldu duenez, Nepalen, lurrikara izan ostean, "euskal herritarrak egon badaudela, egia da, badakigu; baina zein egoeratan dauden eta euren artean kalteturik dagoen ezin dezakegu baieztatu. Ez dugu baztertzen, baina baieztatzeko moduan ere ez gaude".

Gernikako bonbardaketen 78 urtemugako ekitaldiak hasi baino lehen, Erkoreka hedabideei zuzendu zaie eta, bere esanetan, etengabeko harremanetan "jarraituko dugu Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin eta informazio bildu ahala jakinaraziko dizuegu". Hori dela eta, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du.

Era berean, bere "samina, kezka, elkartasuna eta babesa" adierazi die biktimei, "hildakoei zein kaltetuei".

Horren ildotik, eta dardararen ondorengo lanak arintzeko helburuarekin, Marian Elorza Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako arduradunak iragarri duenez, Gobernu Kontseiluak "laguntza humanitarioa errazteko zenbait neurri onartuko ditu, esaterako, Nepalgoa bezalako hondamendirik izanez gero, GKEek esku hartzea ahalbidetzeko, giza mailan sortu den krisian lagun dezaten".

"Nepalen egon daitezkeen euskal herritarren egoerari buruzko informazioa biltzea da gure lehentasuna. Horren ildotik, harremanetan gaude atzotik Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin eta Espainiako enbaxadarekin; lehenik eta behin, garrantzitsua da herrialdean egon litezkeen pertsonak topatzea eta herritar horien egoeraren inguruko informazioa batzea".

Elorzak, gainera, Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Sailarekin eta Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioarekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoak zabaldu ditu. Azken horrek krisi mahia eratu du herrialdean izan litezkeen pertsonen inguruko datuak biltzeko.

Helbide elektronikoak:

Eusko Jaurlaritza -> accion-exterior@euskadi.eus

Kanpo Arazoetarako Ministerioa -> unidaddecris@maec.es

Moncloa, 150 espainiarren bila

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio ministroaren hitzetan, lanean ari dira momentura arte Espainiako zauritu bakarra espainiaratzeko, atzamarren bat izoztuta baitu eta, gainera, oraindik topatu ez dituzten 156 espainiarren bila ari dira.

Nueva Delhin, Garcia-Margallok hedabideen aurrean adierazi duenez, zauritutako espainiarra Katmandura heltzear dago. Gainera, ministroaren arabera, herrialde asiarrean izena emanda duten 21 pertsona topatu dituzte, eta 38 aurkitzeke. Halaber, aldizka herrialdera doazen zazpi lagun ere aurkitu gabe daude, 148 turista topatuta eta 105 topatu barik. Guztira, 215 dira aurkitutako espainiarrak eta 156 galduta jarraitzen dutenak.

Izan ere, Espainiako Gobernuak erabaki du Garcia-Margallok Indiara joateko erabili duen Airbus 310 hegazkina Katmandura bidaltzea, lurrikararen inguruan topatutako espainiarrak ateratzeko.

Hondamendiaren albistea jaso zutenetik, Kontsultatzeko Larrialdiko Unitatea lanean izan da uneoro, baita Delhin dagoen Espainiako enbaxada ere, azaldu du ministroak.

Horren haritik, esan du komunikazioak berrezartzen direnean, enbaxadako talde bat, kontsulak gidatuta, Barne kontseilaria eta enbaxadako polizia bat, erreskatetan aditua, ezbeharra izan zen lekura hurbilduko dira. Espainiak ohorezko kontsula du Nepalen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak