Gizartea -
Polemika
Sanferminei buruzko reality-a egitea gogor kritikatu dute peñek
RTVEk, arratsaldean "argitu" du ez duela "inolako 'reality'rik egingo sanferminetako entzierroekin lotuta", nahiz eta goizean aukera hori "aztertzen" ari zirela esan.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Peñen Federazioak gogor kritikatu du sanferminetan girotutako reality-a egiteko TVE aztertzen ari den aukera. Horrelako programa batek Iruñearen eta sanferminen irudia "hondatu" egingo lukeela iritzi diote peñek.
Peñen Federazioak agiri baten bidez jakitera eman duenez, "horrelako programek izan ohi duten kutsu sentsazionalista kontuan hartuta, ez dugu egokitzat jotzen gure festen inguruan halako saio bat egitea".
RTVEk gezurtatu egin du
Espainiako Irrati Telebista Publikoak, RTVEk, arratsaldean "argitu" du ez duela "inolako 'reality'rik egingo sanferminetako entzierroekin lotuta", nahiz eta goizean aukera hori "aztertzen" ari zirela esan.
Zeppelinek Iruñeko entzierroetan oinarrituta egindako "reality show" formatu bat erostekotan omen zen RTVE: "Aztertzen ari gara, baina ez dugu onartu", adierazi du TVEko bozeramaile batek gaur goizean.
Arratsaldean, berriz, RTVEk prentsa-oharra kaleratu du, eta argi adierazi nahi izan du ez dutela Iruñeko entzierroetan oinarritutako "reality"rik egingo.
Zeppelinek ere ez du hitz egin nahi izan gaiaren inguruan, "bezeroa baita, erosten duenean, azalpenak eman behar dituena".