Gizartea -
Shaolin faltsuaren auzia
Aguilarrek ez zuen 'ankerkeriaz' jokatu, forentsearen arabera
Auzitegiko medikuaren iritzian, Yenny Rebolloren gorpuzkiak aztertuta ondorioztatu daitekeenez, "kolpe zuzen handi bat" jaso zuen biktimak.
Agentziak | Erredakzioa
Alberto Garai Azkona 2013ko ekainaren 2an Basurtuko Ospitalean Ada Otuya aztertu zuen auzitegiko medikuaren ustez, Juan Carlos Aguilarrek ez zuen "ankerkeriaz" jokatu hura hil zuenean. Otuya Aguilarren gimnasioan topatu zuten, hilda, kolpatuta eta odolez beteta.
Bizkaiko Justizia Jauregian shaolin faltsuaren kontra egiten ari diren epaiketako hirugarren saioan, perituen probak aurkeztu dituzte. Adituaren esanetan, nigeriar gaztea ospitalera heldu zenean "begiak odoleztatuak zituen, asfixiaren eraginez", eta lepoan "urratu sakon bat" zuen, atzetik "kable batez edo" egindakoa.
Medikuak gaineratu duenez, biktimak "handitua zuen bekoki-lokian, masailalboan emandako kolpe batek eragindakoa", eta bost puntuko zauria zuen ezpainetako batean. Horren hitzetan, baliteke lesioak "ukabilkada edo ostikada batez eragin izana, edo atzetik hartu eta mahai baten kontra jota".
Emakumezko gazteak "gorpuzkera sendoa" zuenez, baina, "kostata hartuko zuen mendean" erasotzaileak, horren esanetan.
Medikuaren iritzian, baina, erasotzaileak ez zuen aparteko "ankerkeriaz" jokatu emakumea hil zuenean, eta biktimak zituen lesioak "baliteke hura lotzeko eman zizkion kolpeen ondorioz egin izana". "Arte martzialak jakinda, ez zitzaion askorik kostatuko", eta baliteke segundo gutxi batzuetan hil izana.
"Kolpe handia"
Egun berean, beste biktima bat aurkitu zuten gimnasio horretan. Bigarren biktimaren, Yenny Rebolloren, gorpuzkiak biltzeko ardura ere izan zuen mediku horrek. Horren esanetan, haren gorputz zatiak poltsatan gordeta zeuden, txiki-txiki eginda.
Horretarako, baliteke hiltzaileak zerra biribil bat edo eskuko zerra bat erabili izana. Adituaren hitzetan, "ahalegin handia egin zuen haragia eta hezurrak bereizten". Altzariak botata zeuden, "borroka bat egon izan balitz bezala", gaineratu du.
Auzitegiko medikuaren iritzian, haren gorpuzkiak aztertuta ondorioztatu daitekeenez, "hezur hautsiak ikusita" baliteke kolonbiar jatorriko biktima honek "kolpe zuzen ugari" jaso izana.
Gorpuzkiak aztertu zituzten beste mediku batzuen iritzian, bizirik zegoela jaso zituen lesioak, gorputzeko zenbait lekutan hemorragiak ikusi baitzituzten.