Gizartea -
Araba
Mehatxuengatik Marotoren kontra aurkeztutako salaketa artxibatu dute
Dena dela, fiskalak uste du "deigarria" dela Gasteizetik paseoan zebilen herritar bat identifikatu eta isun batekin mehatxatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteiztar batek Javier Maroto Arabako hiriburuko alkatearen kontra martxoaren 12an mehatxuengatik aurkeztutako salaketa artxibatu du Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak. Dena dela, fiskalak uste du "deigarria" dela Gasteizetik paseoan zebilen herritar bat identifikatu eta isun batekin mehatxatzea.
Calparsororen esanetan, gertakarien bi bertsioa daude, eta beraz, ustezko mehatxuak "ezin daitezke frogatu" eta ezin da esan alkateak falta edo deliturik egin zuenik.
Nolanahi ere, fiskalak uste du "deigarria" dela Gasteizetik paseoan zebilen herritar bat identifikatu eta isun batekin mehatxatzea. Are, idatzian jaso duenez, "alkate batek herritar bati egiteko adierazpen egokienak ez dira. Izan ere, gasteiztar guztien alkatea da Maroto, ez bakarrik bere uste berekoak direnena".
Salatzailearen arabera, Ayudas+Justas elkartearen kanpaina sinatzaileari uko egin zion, "aldebakarrekoa" zelako. Handik zihoala, alkateak eskua ipini zion sorbaldan eta honakoa esan zion: "350 euroko isuna jarriko dizugu. Ikusiko duzu zein ondo...".
Ondoren, udaltzain batek identifikatu zuen eta sakelakora ere deitu zion "marra gorri guztiak gainditzeko zorian" egon zela esateko. Agenteak ohartarazi zionez, izapideak amaituta, isuna ezarriko zioten ala ez jakinaraziko zioten.
Salaketaren berri izan zuenean, gizonezkoak esandakoak ukatu zituen Marotok: "Ez zen halakorik gertatu". Kontrakoa gertatu zela adierazi zuen Gasteizko alkateak, gizonezkoak "arrazista eta xenofobo" deitu zituela, alegia.