Gizartea -
Indarkeria matxista
'Shaolin faltsua'k aitortu egin ditu bi hilketak
Juan Carlos Aguilarren aurkako epaiketa ostiral honetan hasiko da, Bizkaiko Lurralde Auzitegian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Carlos Aguilarrek, 'shaolin faltsua'k, aitortu egin du Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo hil zituela 2013. urtean, iturri juridikoak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Horren abokatuak idatzi bat aurkeztu du Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Hilketak egin izana aitortu du bertan auzipetuak, baina basakeriaz jokatu izana ukatu du. Hori egia dela frogatzen badute, 25 urte emango ditu gehienez espetxean, gehienezko 30 urteak izan beharrean.
Epaiketa ostiral honetan hasiko da, eta, hasiera batean, hiru aste irautea espero da. Dena dela, idatzian aitortutakoa epailearen aurrean berresten badu, baliteke astebete gutxiago irautea.
Lehen saioan, Aguilarrek berak deklaratuko du. Horretarako, Palentziako kartzelatik Zaballara (Araba) eramango dute. Fiskaltzak eta akusazioek 40 eta 45 urte arteko espetxe-zigorrak eta 250.000 euro baino gehiagoko kalte-ordainak eskatu dituzte.
Aguilar 2013ko ekainaren 2an atxilotu zuen Ertzaintzak, bere gimnasioan Maureen Ada Otuyari eraso "basatia" egin izana egotzita. Emakumezkoa Basurtuko Ospitalera eraman zuten, baina hil egin zen bertan, handik eta hiru egunera.
Gimnasioa miatzean, Jenny Sofia Rebolloren gorpua topatu zuten.
Akusazioen esanetan, auzipetuak "hil arte" kolpatu eta torturatu zituen biktimak, eta ondoren argazkiak atera zituen, "gozatzeko".