Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume baten kontrako sexu erasoa izan da Tolosan
Antza denez, igande goizaldeko lau eta erdietan gizonezko batek hainbat ukitu egin zizkion emakume bati. Tolosako Udalak irmoki salatu du sexu erasoa.
O.A. | EITB.EUS
Emakume baten kontrako sexu erasoa izan da igande goizaldean Tolosan, bertako Udalak ohar baten bidez salatu duenez. Erasoa goizaldeko lau eta erdietan gertatu da, eta erasotzaileak hainbat ukitu egin dizkio emakume bati. Emakumearen oihuei esker, erasotzaileak ihes egin zuen.
Sexu erasoa salatzeko adierazpena kaleratu du Tolosako Udalak eta aldi berean bere elkartasun eta laguntza guztia eskaini dio emakumeari.
Tolosako Udalak salatu duenez "horrelako erasoak sarriegi gertatzen dira gure kaleetan, azkena herriko inauterietan". Horren aurrean, Tolosako kaleak guztientzako espazio libre izan daitezen lanean jarraituko duela adierazi du. "Udalak ez ditu horrelako eraso, jarrera eta bestelakoak onartuko eta bere esku dagoen guztia egingo du, erasoen biktimak babestu eta erasotzaileak salatzeko", gaineratu du.
Ildo horretan, Tolosako Udalak genero politikak indartzen lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Bestalde, Udalak herritarrei dei egin die horrelako eraso guztiak salatzeko eta jarrera sexistei aurre egiteko.
Bilgune Feministak kontzentrazioa deitu du biharko arratsaldeko zazpietan Tolosako Triangulo plazan, eta Udalak ekitaldian parte hartzeko deia egiten die herritarrei.