Gizartea -
Noos auzia
Sinatu besterik ez zuela egin argudiatu du infantak
Haren abokatuak aurkeztutako defentsa txostenaren arabera, Espainiako erregearen arrebak uste osoa zuen Iñaki Urdangarin senarrarengan.
Agentziak | Erredakzioa
Noos auzian Cristina infantaren defentsaren ardura duten abokatuek errugabea dela nabarmendu dute gaur Palmako epaitegian aurkeztu duten defentsa txostenean. Erregearen arrebari bi delitu fiskal egotzi dizkio Jose Castro epaileak.
Argudiatu dutenez, infantak "sinatu besterik ez zuen egin, inongo azalpenik eskatu gabe". Hortaz, Aizoon enpresaren kudeaketan "ez zuen inola ere parte hartu, senarrarengan uste osoa baitzuen".
"Aizoon enpresa sortu zen egun beretik, Iñaki Urdangarin jauna izan zen horren administratzaile bakarra. Infanta konpainia zuzendu eta kudeatzeko arduretatik kanpo egon zen hasieratik", adierazi dute Miquel Roca eta Jesus Maria Silva abokatuek Palmako 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegian aurkeztutako kalifikazio-idazkian.
Aizoon enpresaren bidez 2007 eta 2008. urteetan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) iruzur egitea leporatu dio Jose Castro epaileak Iñaki Urdangarini, eta bi delitu fiskal egotzi dizkio Cristina infantari, delitu horretan ezinbesteko laguntzaile izan zelakoan. Argudio hori bete-betean baztertu du defentsak; izan ere, infantak "ez zuen inola ere parte hartu Aizoonen betekizun fiskaletan eta kontabilitatean", horien ustez. Are gehiago, Urdangarinek ere ez zuela deliturik egin gaineratu dute.
"Bikotekideek uste osoa zuten batak bestearengan, eta, hortaz, ez zen Aizoon enpresaren bazkide batzarrik egin", argudiatu du defentsak. Harago ere jo dute abokatuek, horien esanetan, lehen aldiz egotzi baitizkiete enpresa bateko "bazkide soilei" delitu fiskalak. Ez dago horren "aurrekari bat bera ere", horien aburuz, eta, beraz, Castro epailearen eta akusazioen jarrera "ezohikoa" dela erantsi dute.
"Cristina infantak ez daki ezer zerga sistemari buruz"
Ustezko iruzurrari esker, "baliteke infantak ondasun edo zerbitzuak jaso izana", aitortu dute abokatuek, baina erregearen arrebaren aginduz lortu izana ukatu dute.
Infantaren abokatuek argudiatu dutenez, Cristina Borboikoa "oso lanpetuta zegoen eta ez zekien ezer zerga sistemari buruz". Defentsako abokatuen esanetan, "infantak bizitza pertsonal, instituzional eta profesional bizia zuen, eta, hortaz, ezin zien etxeko ekonomiaren xehetasun guztiei kasu egin". Defentsaren arabera, infantak ez zion aparteko garrantzirik ematen Aizoon enpresari, eta senarraren esku utzi zuen konpainia kudeatzeko ardura.