Gizartea -
Bi espeleologo hilda
Margallok onartu du erreskatean 'disfuntzioak' izan direla
"Ministerioak ahal izan duen guztia egin du gertatutakoa horrela amaitu ez zedin. Orain garrantzitsuena da gorpuak lehenbailehen Espainiaratzea eta familien samina arintzea", nabarmendu du.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio ministroak onartu du "disfuntzioak" izan direla espeleologoak erreskatatzeko lanetan, baina, horren esanetan, bere departamentuak "ahal izan duen guztia egin du gertatutakoa horrela amaitu ez zedin".
Telefonica Fundazioan NBEren Segurtasun Kontseiluaren inguruko hitzaldi bat eman baino lehen egin ditu adierazpenok Garcia-Margallok.
Horren hitzetan, poliziak eta guardia zibilak Marokora erreskate lanetan laguntzeko eraman zituen hegazkina ez zen han egon beraiek nahi izan zutenean.
"Ezbeharretan gertatzen den moduan, disfuntzioak izan dira ezbeharra kudeatzeko moduan", onartu du ministroak.
Espainiako diplomaziaren buruak Poliziaren sindikatuek egindako kritikei erantzun die. Ministroaren esanetan, Ministerioak baimena eskatu zuen erreskate lanetan parte hartu behar zuten poliziak eta guardia zibilak eraman behar zituen hegazkinaren hegaldia baimentzeko.
"Ministerioak ahal izan duen guztia egin du gertatutakoa horrela amaitu ez zedin. Orain garrantzitsuena da gorpuak lehenbailehen Espainiaratzea eta familien samina arintzea", nabarmendu du.