Gizartea -
Hegazkin ezbeharra
Amaitu dituzte Germanwingseko bidaiarien gorpuzkinak bilatzeko lanak
Ezbeharraren tokian 150 DNA lagin aurkitu dituzte, baina identifikazio lanak amaitzeko asteak beharko dituzte. Halaber, biktimen objektu pertsonalak bilatzen jarraitzen dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amaitu dituzte martxoaren 24an Frantziako Alpeetan jausi zen Germanwings konpainiaren hegazkineko bidaiarien gorpuzkinak bilatzeko lanak, Goi Probentza Alpeak departamenduko agintariek ohartarazi dutenez.
"Gorpuzkinak bilatzeko lanak amaitu dira, baina biktimen objektu pertsonalak bilatzeko lanek aurrera darraite", adierazi dio Goi Probentza Alpeak departamenduko gobernuaren bozeramaile batek Reuters albiste agentziari.
"Lufthansak hegazkinen hondakinak jasotzen espezialista den enpresa bat kontratatu du, beti ere Frantziako fiskalaren eta operazioen ikuskapena egiten ari den ingurumen alorreko aditu baten begiradapean", azaldu du bozeramaileak.
Bestalde, ezbeharraren tokian 150 DNA lagin aurkitu dituzte, baina identifikazio lanak amaitzeko asteak beharko dituzte.
Ikerketa zuzentzen ari den fiskalak pazientzia eskatu du; izan ere, haren esanetan lagin kopuruak ez du derrigor esan nahi biktima guztiak aurkitu dituztenik. Hala eta guztiz ere, biktimak identifikatu ahala horien senideei jakinaraziko dietela nabarmendu du.