Gizartea -
Gasteizen
Espetxera bidali dute emaztea hiltzeagatik atxilotutako gizona
Gasteizko epaitegi batean deklarazioa eman ostean, Zaballako kartzelan sartu dute. Hilketa salatzeko asmoz, elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko hainbat kolektibok.
Agentziak | Erredakzioa
Emaztea ustez hiltzeagatik Gasteizen atxilotutako gizonezkoa espetxera bidali du epaileak. Gauzak horrela, Gasteizko epaitegi batean deklarazioa eman ostean, gizona Zaballako kartzelan sartu dute.
Bestalde, hainbat elkarretaratzek Gasteizen aurreko ostegunean izandako emakumearen hilketaren kontra protestatuko dute gaur, larunbata, 20.00etan.
Hala, Talde feministek kontzentrazioa egingo dute Andre Maria Zuriaren Plazan, Gasteizen, eta, Iruñean, Sexuan oinarritutako Indarkeriaren kontrako Emakumeen Plataformak.
Gizon batek bikotekidea hil zuen ostegun arratsaldean Gasteizen. Erasotzailea, 34 urteko gizasemea, Ertzaintzaren komisarian dago atxilotuta.
Hilketa delitua egotzi diote gizonezkoari eta gaur eramango dute ziurrenik epailearen aurrera, Segurtasun sailak jakitera eman duenez.
Emakumeak ez zuela tratu txarrik salatu gaineratu du Segurtasun sailak. Hiru seme-alaba zituen emakumeak. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, hildako emakumearen eta ustezko hiltzailearen lagun batek esan dudenez, Errumanian kartzelatik atera berria zen gizonezkoa, eta "herrialde horretara itzuli nahi zuen bikotekidearekin eta seme-alabekin".
Indarkeria matxistak 2015ean utzitako lehen biktima da. Iaz hiru emakume hil zituzten. Lehendabiziko hilketa Mungian gertatu zen; gizon batek itota hil zuen bere bikotekide ohia; abenduan, berriz, gizon batek emaztea eta amaginarreba hil zituen Abadiñon.
_____________________________
Tratu txarrak jasaten badituzu edo halako kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako gomendioak edo deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan).