Gizartea -

Tragedia Alpeetan

Lubitzek hegazkina nahita amildu zuela berretsi du bigarren kutxak

Hegazkina arinago erortzeko agindua eman zuen hainbatetan Germanwingseko kopilotuak.

Andreas Lubitzek hegazkina nahita amildu zuela baieztatu dute

0:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Ikerketa eta Analisirako Bulegoak jakinarazi duenez, atzo atzeman zuten Germanwingseko A320 hegazkineko bigarren kutxa beltzaren lehen analisien arabera, Andreas Lubitz kopilotuak nahita amildu zuen hegazkina. Horrenbestez, aurkitutako lehen kutxak emandako informazioa berretsi baino ez du egin bigarren honek.

Bigarren kutxa beltza honek hegaldiaren parametro teknikoak jasotzen ditu. Horien arabera, Lubiltzek pilotu automatikoa ipini zuen hegazkinak behera egin zezan. Gero, hainbat aldiz moldatu zuen aparatuaren abiadura handitzeko.

"Lehen azterketak agerian utzi du kabinan zegoenak pilotu automatikoa ipini zuela 100 oinetara (30 metro) jaisteko eta, gerora, hegazkina arinago erortzeko agindua eman zuela hainbatetan", adierazi du Analisirako bulegoak ohar batean.

A320ren bigarren kutxa beltz hau ostegunean aurkitu zuten eta Parisera eraman, azter zezaten. Erakunde honek berak analizatu zuen lehen kutxa beltza, kabinan erregistratutako elkarrizketak dituena.

Jaso eta berehala, lanean hasi ziren ikerlariak eta oraindik ere aztertzen dabiltza, Alpeetan amildu zen Bartzelona-Dusseldorf bidea egiten zuen hegazkinari jazo zitzaiona argitze aldera.

Bigarren kutxa beltz honi Flight Data Recorder (FDR) deitzen zaio ingelesez, eta hegazkin baten azken 25 orduetan izandako datu teknikoak jasotzen ditu, hala nola, abiadura, altitudea edo pilotutza modua.

Frantziako Jendarmeriaren goi-mendiko taldearen kideetako batek topatu zuen kutxa, "erabat belztuta eta lur azpian".

Brice Robin Marseillako fiskalburuaren esanetan, bigarren kutxa hau "ezinbestekoa" da ezbeharraren nondik norakoak argitzeko eta lehen kutxa beltzak emandako datuak baieztatzeko, alegia, Lubitz kopilotuak hegazkina nahita amildu zuela berresteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak albisteak