Gizartea -

Alpeetako hegazkin ezbeharra

Kabinako ateen itxiera eta mediku azterketak berrikusiko ditu Berlinek

Alemaniako Garraio ministroa Abiazio Industriaren Alemaniako Federazioko ordezkariekin elkartu da gaur, eta adituen batzordea sortzea adostu dute.

Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroa. Argazkia: EFE
Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroa. Argazkia: EFE
Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Gobernuak kabinako ateen itxiera sistemak eta pilotuen mediku azterketak eta azterketa psikologikoak berrikusiko ditu, Bartzelona eta Dusseldorf hirien arteko ibilbidea egiten ari zen Germanwings konpainiaren hegazkina Frantziako Alpeetan erori ostean. Ezbehar horretan 150 pertsona hil ziren.

Hala iragarri du Alexander Dobrindt Alemaniako Garraio ministroak Abiazio Industriaren Alemaniako Federazioko ordezkariekin bilera egin ondoren.

Halaber, bilera horretan adituen batzordea eratzea adostu dute. Aipaturiko talde horrek hegazkinetako segurtasun sistemak eta pilotuek gainditu beharreko gaitasun-probak aztertuko ditu eta gai horien inguruko proposamenak aurkeztuko ditu.

"Gure helburua aire segurtasuna optimizatzea eta egungo estandarrak errepasatzea dira, Germanwingseko ezbeharraren ondotik", adierazi du Dobrindt ministroak.

Aditu taldeak, besteak beste, kabinako itxiera sistemak aztertuko ditu; izan ere, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren hegazkinetako kabinak indartu zituzten pertsona arrotzak kabina barruan sartzea eragozteko.

Teknikoek eta mediku eta psikologo ebaluatzaileek osatuko dute aditu taldea eta horren helburua pilotu izateko prestatzen ari direnek gainditu behar dituzten azterketak optimizatzea da, azaldu du Klaus-Peter Siegloc Abiazio Industriaren Alemaniako Federazioko presidenteak.

Airbus A320 hegazkineko kutxa beltzetako bateko grabazioetan oinarrituta, Frantziako Fiskaltzak egindako ikerketen arabera, Andreas Lubitz kopilotuak kabinako atea blokeatu zuen pilotua bertatik atera zenean eta, ondoren, berriz kabinara sartzea eragotzi zion.

Bestalde, Dusseldorfeko Fiskaltzak iragarri duenez, Andreas Lubitz kopilotua bajan zegoen, baina ez zion horren berri eman Germanwings konpainiari. Halaber, tratamenduan egon omen zen joera suizidei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak albisteak