Gizartea -
Bizkaiko Probintzia Auzitegia
Absolbitu egin dituzte Pannagh elkarteko epaitutako kideak
Fiskaltzak 22 urterainoko kartzela-zigorrak eta ia bi milioi euroko isunak eskatu zituen 'cannabis'aren erabiltzaileak batzen dituen elkarteko bost kiderentzat. Helegitea aurkez lezake fiskalak.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin ditu Pannagh 'cannabis'aren erabiltzaileen elkarteko epaitutako bost kideak. Fiskaltzak 22 urterainoko kartzela-zigorrak eta bi milioi eta erdiko isunak eskatu zituen.
Epaitegiaren esanetan, ez dute "legez kanpoko droga-kontsumoa eta trafikoa sustatzeko, errazteko edo bultzatzeko asmorik" eta, hortaz, epaileak ez du uste deliturik egin zutenik.
Martin Barriuso presidenteari, Igor Gaminde diruzainari eta elkarteko idazkariari "droga trafiko delitu handia" egitea eta "talde kriminaleko kide" izatea leporatu zien. Hori egotzita, lau urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen lehen delituagatik eta, beste urte eta erdi, bigarren delituagatik.
Gainerako bi akusatuei, droga-trafikatzaileak izatea egotzi zien. Bi kide horiek landareak zaintzen lan egiten zuten, lan-kontratuarekin.
Elkarteko kideek prozesu osoan defendatu dutenez, landareak euren kontsumorako dituztela defendatu dute, ez irabaziak lortzeko.