Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizonezko batek bikotekidea hil du ustez Alhaurinen (Malaga)

Antza denez, gizasemeak ito egin du emakumea, eta, gero, bere burua urkatu du. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek bikotekidea hil du ustez Alhaurin de la Torren (Malaga). Guardia Zibilak ikerketa abiatu du, baina litekeena da genero indarkeriaren kasu bat izatea. Izan ere, lehen datuen arabera, gizasemeak itota hil du emakumea, eta gero, bere burua urkatu du. 31 urteko emakumearen hilotza 20:00etan topatu zuten, igandean, senide batzuek. Haren gorpuaren ondoan, bikotekidearena, 49 urteko gizonezkoarena, zegoen, lepo aldean gerriko bat zuela, azaldu dute ikerketaren iturriek. Bikoteak sei urteko alaba bat zuen, eta atzo arratsaldean aitita-amamen etxean zegoen, SUR egunkariak zabaldu duenez. Jorge Hernandez Mollar Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkariak deitoratu egin du gertatutakoa, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu duela esan du.

Beste emakume bat larri, Tenerifen

Bestalde, Guardia Zibilak 68 urteko gizonezko bat atxilotu du Tenerifen, Tegueste udalerrian, bikotekidea, 50 urteko emakumezkoa, hiltzen saiatu izana egotzita.

Erasoa 09:30ean jazo omen zen, El Portezuelo auzoan.

Antza, bikotea eztabaidan ari zela, gizonak labana bat hartu zuen eta hainbat sastada eman zizkion emakumeari. Ondoren, ustezko erasotzaileak ihes egin zuen, baina handik gutxira aurkitu eta atxilotu zuten.

Emakumea ospitalera eraman zuten, larri, baina haren bizia ez dago arriskuan. Bikotekideak elkarrekin bizi ziren, eta emakumeak ez du inoiz tratu txarrik salatu.

_____________________________

Tratu txarrak jasaten badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontun hartu gida honetako gomendioak edo deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak