Gizartea -

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistagatik jarritako salaketa eta zigor kopuruak, gora

Iaz % 1,5 hazi zen tratu txarrengatik jarritako salaketen kopurua, eta zigor kopuruak ere gora egin zuen; % 1,2, hain zuzen. Tratu txarrak pairatzen dituztenentzako telefono zerbitzua: 016.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

126.742 emakumek jarri zuten salaketa 2014an indarkeria matxistagatik, aurreko urtean baino % 1,5 gehiago. Halaber, arrazoi beragatik ezarritako zigorrak % 1,2 hazi ziren, 28.365 erasotzaile zigortu baitzituzten.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak gaur kaleratutako datuen arabera, iaz 15.721 pertsonak uko egin zioten bide judizialarekin jarraitzeari; hala, aurkeztutako salaketen % 12,4 bidean gelditu ziren (2013ko kopuru bertsua, ehunekotan).

Autonomia erkidegoetako datuei erreparatuz gero, 10.000 biztanleko 84 salaketa jarri ziren Balear Uharteetan, 69 Murtziako Eskualdean , 65 Valentziako Erkidegoan eta Kanarietan, eta 63 Andaluzian.

Estatuan salaketa gutxien jaso duen erkidegoetako bat Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da; 10.000 biztanleko 35,5 salaketa jaso zituen 2014an. Guztira, 3.990 salaketa aurkeztu zituzten bertan genero indarkeriagatik, baina horien % 18,82 erretiratu egin zituzten gero.

Nafarroan, berriz, 1.328 emakumek aurkeztu zuten salaketa genero indarkeriagatik, baina 282k erretiratzea erabaki zuten. Hain zuzen, Foru Erkidegoan beste autonomia erkidegoetan baino salaketa gehiago erretiratu zituzten 2014an (% 21,23).

Bestalde, 39.397 babes eskari egin ziren iaz, eta 22.807 babes agindu onartu ziren (% 58). Halaber, iaz arrazoi horregatik egindako hamar epaiketatik seitan zigortu egin zuten erasotzailea. EAEn, 409 babes agindu onartu ziren, eskatutakoen % 53 (778 eskari), eta 168 agindu onartu ziren Nafarroan, eskatutakoen % 58 (288 eskari).

Bestalde, auzitara eraman dituzten adingabeen kopuruak % 14 egin du behera. 131 adingabe eraman zituzten epaile aurrera 2014an, eta 151 adingabe epaitu zituen 2013an.

_________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur