Gizartea -
Martxoak 8
Gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldeak gora egin du
Krisi ekonomikoak areagotu egin du soldaten arteko aldea. Eurostaten arabera, emakumeek gizonezkoek baino % 19,3 gutxiago jaso zuten 2013an.
Erredakzioa
Gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea hiru puntu hazi da azken bost urteotan. Europar Batasunean batez beste aldea % 1 jaitsi den arren, Espainian % 16,1etik % 19,3ra igo da. Emakumearen Nazioarteko Egunaren atarian eman ditu ezagutzera datuok Eurostatek.
Espainian, emakumeek gizonezkoek baino % 19,3 gutxiago jaso zuten 2013an. Europar Batasunean, berriz, emakumeek gizonezkoek baino % 16,4 gutxiago jasotzen dute.
Datuak datu, batzuen eta besteen arteko aldea % 19,3koa da Espainian, % 3,8koa da Portugalen, eta % 2,4koa, berriz, Italian. Espainian, soldaten arteko aldeak gora egin du, baina beste herrialde batzuetan are handiagoa da alde hori.
Eurostaten arabera, alde handiena herrialde hauetan dute: Estonia (% 29,9), Austria (% 23), Txekiar Errepublika (% 22,1) eta Alemania (% 21,6). Alde txikiena, berriz, Eslovenian dute (% 5).
Zuzendaritza postuak
Enpresa baten barruan emakumeek eta gizonezkoek dituzten postuen inguruko alderaketa ere jaso du Eurostatek. Europar Batasuneko enpresetan, zuzendaritza eta gerentzia postuetan, hirutik bi gizonezkoen esku daude. Emakumeak ardura gutxiagoko postuetan aritzen dira.
Espainian ere antzeko datuak daude. Emakumeen % 31 aritzen da zuzendaritza eta gerentzia postuetan, eta % 64 administrazio lanetan. Espainiako langileen ia erdiak (% 46) emakumeak dira.