Gizartea -
Euri-denboralea
Urumearen maila egonkortu egin da, baina ez du atertzen
Martutenen, Antzieta kalea, Pilar auzunea eta Okendotegiko gunea jendez hustu dituzte.
D.P. | O.A. | eitb.eus
Urumea ibaiaren egoera egonkortu egin da arratsaldean, baina Donostiako Udalak indarrean ditu larrialdi dispositibo guztiak; izan ere, euri jasa handiak espero dira datozen orduetan.
Euskalmetek ohartarazi duenez, iluntzean beste fronte hotz bat helduko da Euskal Herrira eta euria egingo du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bihartik aurrera egoerak hobera egingo du. Euskalmetek euriari dagokion alerta laranja ezarri du gaur eta bihar Gipuzkoa ekialdean.
Gipuzkoan, oro har egoera gordindu egin da 10:00etatik aurrera, itsasgorarekin batera. Larriena Urumearen inguruetan dute, ibai hori alerta gorrian baitago hainbat puntutan, Ereñotzun (Hernani), kasu.
Horren ondorioz, ebakuazio plana, larrialdi planaren maila gorena, abiatu dute Martune eta Txomin-Enea auzoetan. Donostiako Udala Martutene auzoko Antzieta kaleko, Pilar auzuneko eta Okendotegiko etxebizitzak jendez hustu ditu.
Martutene-Garbera autobus zerbitzu berezia 30 minutuan behin abiatuko da, eta ostatua behar dutenentzako topagunea Loiolako zaharren egoitza izango da.
Donostiako Udalak ohartarazi duenez, 15:00etatik aurrera bi auzo horietan uholdeak izateko arriskua "oso handia" da. Are gehiago, "2011koen tankerakoak" izan litezkeela gaineratu du.
Hala ere, itsasbeherarekin batera (16:32) uraren mailak behera egin du Martutene parean.
Juan Karlos Izagirre alkatea auzo horietara joan da gaur, eta auzokideen jarrera "eredugarria" izan dela txalotu du. Gainera, herritarrak haserre egotea "ulertzeko modukoa" dela aitortu du, hainbat urte baitaramatzate uholdeak pairatzen.
Bestalde, Añarbeko urtegia mugan dago, eta husten hasi behar dira. Hori dela eta, Urumearen emaria metro bat igoko da hurrengo orduetan, Hernaniko eta Astigarragako udalek ohartarazi dutenez.
Añarbeko Urak konpainiak azaldu duenez, azken 44 urteotako otsail euritsuena izaten ari da, metro karratuko 450 litro ur pilatzen ari baitira (batez bestekoa 175 da). Atzo, 127,8 litro ur pilatu ziren batez beste metro karratuko.
Hain justu, Urumearen emaria igo daitekeela eta, Astigarragako Udalak garaje eta sotoetatik ibilgailuak eta balio handiko objektuak ateratzeko eskatu die herritarrei. Horrez gain, merkatariei eta sotoetako jabeei emateko harea-zakuak lortzen saiatzen ari da Udala.
Bestalde, Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, Urumea ondoko auzuneetan eta industrialdeetan larrialdietako jarraibideak jarraitzeko jakinarazi die Udaltzaingoak, megafonia bidez, herritarrei. Aurreikuspenen arabera, litekeena da 15:00etatik aurrera uraren maila 50 zentimetro haztea Añarbeko ateak ireki ostean.
Urumea ibaia, Ereñozun (Hernani). EiTB
Errepideen egoera
Eurien ondorioz, hainbat istripu gertatzen ari dira EAEko errepideetan. Hori horrela, N-634k arazoak ditu Usurbilen, lur-jausi bat dela eta, eta ibilgailuak txandaka pasatzen ari dira.
Araban, errepide hauek daude itxita: A-3302, Billodasen; A-4010, Amerita eta Mendibil artean; eta A-4157, La Corzanan.
Bizkaian istripu arin ugari jazo dira, ohiko lekuetan. Guztien artean ikusgarriena Basaurin gertatu da. Bertan, auto bat bidetik atera, eta lubeta batean zintzilik geratu da. Gidaria, hori bai, onik dago.
Basauriko istripua. Argazkia: EiTB
Nafarroa
Foru erkidegoan, hainbat herri alerta gorrian daude, Arga, Ebro, Ega eta Irati ibaien emaria asko handitu baita. Aitzitik, Iruñean "txarrena pasatu egin da", Udalak aurreratu duenez. Orain, Nafarroa erdialdeko eta Erriberako herriak dira kezka iturria, eta Nafarroako Gobernuak 1 alerta mailari eutsi dio.
Hala ere, aurreikuspenen arabera, ibaien emariak arratsaldean igoko dira maila altuenera. Goizaldera bitartean, emariek gora egingo dute, beraz. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak lurrezko babes hesietara ez gerturatzeko eskatu die herritarrei.
Arga ibaiaren kasuan, Funesen, emaria 974 metro kubiko segundokoa da, 5,59 metroko altuerarekin. Arratsaldean, uraren maila segunduko 1.000 metro kubikotik gorakoa izatea espero da eta baliteke kalteak izatea. Herriko ikastetxea itxita dago.
Ebro ibaiaren alerta gorriak Mendabia eta Castejon eragingo ditu: goizean 959 eta 2.192 metro kubikoko kaudala zeramatzaten, 4,44 eta 7,53 metroko altuerarekin, hurrenez hurren. Arratsaldean, 1.230 eta 2.522 metro kubikokoak izatera irits daitezke. Castejon-Tutera zatian uraren maila gorena goizaldeko seietarako espero da.
Ultzama ibaia, Atarrabian. EiTB
Tuterako Udalaren arabera, Ebrok bihar 7 metroko altuera hartzea eta emaria 2.500 metro kubiko segundokoa izatea aurreikusten du. "Litekeena da 2013ko uholdeen maila hartzea", gaineratu du Tuterako Udalak.
Ega ibaia, Andosillan, emaria 252,89 metro kubikokoa da eta altuera, berriz, 4,21 metrokoa. Irati ibaiaren kasuan, emaria 457,60 metro kubikokoa da, 3,94 metroko altuerarekin. Gauerdian 319,6 metro kubikokoa izatea espero da.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, gainera, alerta laranja ezarri du Caparroson, Aragon ibaiaren egoera dela-eta. Orain, emaria segunduko 568,5 metro kubikokoa da eta 680,9ko mailara heltzea aurreikusten da (gainezkatze maila).
Sare nagusian, bi errepide daude itxita: N-113 (Iruñea-Madril), Castejonen, eta NA-30, Landabenerako sarbidean. Bigarren mailako sarean, berriz, 17 errepide itxi dituzte.