Gizartea -
Gaixotasuna
C hepatitisa duten 100.000 gaixok botika berriak jasoko dituzte
Fibrosi txikiagoak dituzten pazienteek sendagai berriak jaso ahal izateko irizpideak aldatzea erabaki du Osasun Ministerioak. Horrela, botikak F2 graduko fibrosietan erabili ahal izango dituzte.
Erredakzioa
Fibrosi txikiagoak dituzten pazienteek sendagai berriak jaso ahal izateko irizpideak aldatzea erabaki du gaur Osasun Ministerioak. Honenbestez, C hepatitisa duten 100.000 paziente baino gehiagok botika berriak jaso ahal izango dituzte.
Gaixotasunaren aurkako Egitasmo Nazionalaren zirriborroaren berri emateko Ministerioko ordezkariak gaixoen elkarteekin bildu dira gaur. Joan Rodesek zuzendutako adituen batzordeak plan hori prestatu du. Mario Cortes C Hepatitisa duten Gaixoen Plataformako presidenteak adierazpenak egin ditu bilera amaitu eta gero.
Espainian C hepatitisa duten 200.000 bat gaixo daudela azaldu du Rodesek, horietatik % 54k sendagai berriak beharko lituzkete irizpide berriekin.
Zirriborroa
Ministerioak pazienteei eta zientzialarien elkarteei azaldu dien zirriborroaren arabera, botikak F2 graduko fibrosietan erabili ahal izango dituzte, baita fibrosi larriagoetan (F3 eta F4) ere. Zirrotikoek, transplantea jaso dutenek edo berriz kutsatu direnek sendagai berriak jasotzeko aukera izango dute.
Adituen batzordeak emandako datuen arabera, diagnostikatu dituzten gaixoen % 22 F4 gradukoak dira, % 15 F3koak eta % 17 F2koak.
Fibrosi txikienak dituzten pazienteak momentuz kanpoan geratuko dira, F1 gradukoak, alegia, gaixoen % 22 dira. F0 gradukoak ere at geratuko dira; birusa dutela badakite, baina ez dute lesiorik gibelean.