Gizartea -
Haurtzaroaren defentsa
Indarkeria matxista jasan duten adingabeak biktima izango dira
Haur eta nerabeak hobeto babesteko neurriak biltzen dituen lege-proiektua onartu du Ministroen Kontseiluak.
Erredakzioa
Haur eta nerabeak babesteko lege-proiektua onartu du ostiral honetan Espainiako Gobernuaren ministro kontseiluak eta, hala, aurrerantzean, biktima gisa aitortuko dituzte indarkeria matxista jasan duten adingabeak.
Lege-proiektuak dakartzan berrikuntzak azaldu ditu prentsaurrekoan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak.
Adingabeak hobeto babestea du helburu legeak, batez ere sexu-abusu eta indarkeria matxistaren alorrean. Izan ere, Saenz de Santamariaren esanetan, 2013an 3.364 umek jasan zituzten tankera honetako erasoak.
Adopzio eta harrera prozesuak arintzeko neurriak ere hartu ditu Gobernuak, haurrak, batez ere hiru urte beherakoak, familia batekin egotea bermatze aldera. Horrez gain, irekitako adopzioa edota adingabeak familia biologikoarekin nolabaiteko kontaktua izateko aukera ezartzen du legeak.
Askatasun sexualaren kontrako delituengatik eta emakumezkoen edo adingabeen salerosketagatik zigortutakoek ezingo dute umeekin harreman zuzena izatea dakarren lanbiderik izan.
Familia Ugaridun Babeserako Legea ere moldatu du Gobernuak. Izan ere, familia mota hauek hala izateari eutsiko diote seme-alabetako batek 21 urte izan arte edo 26, ikasten egotekotan.