Gizartea -

Euskararen Legea

Euskararen Legearen erreforma onartu du Nafarroako Parlamentuak

UPN eta PPN ez beste taldeek babestu dute. Hala, eskaria egonez gero, D eredua eskaini ahalko da foru erkidegoko sare publikoan.

Barcina eta Adanero (UPN) bozketako unean. EFE
nafarroako parlamentua
Euskararen legearen erreforma onartu du Nafarroako Parlamentuak

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak 1986ko Euskararen Legearen erreforma onartu du gaur UPN eta PPN ez beste taldeen aldeko botoekin, eta, hortaz, foru erkidegoko hezkuntza publikoko sare osoan D eredua eskaini ahalko da, "eskari nahikoa" badago. STEEILAS, ELA eta LAB sindikatuak pozik agertu dira, baina ñabardurekin.

PSN, I-E eta Geroa Bai taldeek bultzatu eta Aralar-NaBaik eta Bilduk babestutako aldaketak eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan D ereduko lineak "apurka-apurka" sortzearen alde egiten du, baina hori egiteko behar den ikasle kopurua Gobernuak zehaztu beharko du. Dena dela, sozialistek aurkeztu eta UPNk babestutako helegite bati esker, kopuru hori zehazteko erreferentzia "hezkuntza unitatea antolatzeko erabilitako kopurua" izango dela ebatzi dute.

Aldaketa hau egin baino lehen, eremu ez-euskaldunean bizi ziren haurrek ezin zuten euskaraz ikasi, inguruan ikastolaren bat ez bazuten behintzat.

Alde bozkatu duten taldeen bozeramaileen ustean, Euskararen Legea onartu zenetik, aldaketa sozial handiak jazo dira, eta eremu ez-euskaldunean euskaraz ikasteko eskaria badago, Administrazioak horri ere erantzun behar dio. PSN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta Geroa Bai alderdien ustez, nafarrak ezin dira bizi diren eremuaren arabera diskriminatu.

Txema Mauleon Izquierda-Ezkerrako bozeramailearen esanetan, gaur onartu duten aldaketa "historikoa" da, "30 urtean izan den bazterkeria" atzean utzi duelako eta "hezkuntza publikoan askatasuna eta berdintasuna bermatu" duelako. Moldaketarekin "sektarismoaren eta zentzugabekeriaren harresia bota dugu", erantsi du Mauleonek.

UPNk eta PPNk gogor kritikatu dute aldaketa, eta "Bilduren legea" dela nabarmendu dute. Bi alderdion aburuz, erreforma "inposatu" egin dute.

Euskalgintzaren ordezkaritza zabala osoko bilkuran

Euskalgintzaren ordezkaritza zabala izan da gaurko saio "historikoa" bertatik bertara jarraitzen. Besteak beste, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia egon da Nafarroako Parlamentuan, gonbidatuen artean.

Euskararen Legean egin duten bigarren aldaketa da honakoa. 2010eko otsailaren 18an moldatu zuten aurrenekoz, IUN-NEB taldeak proposatuta. Orduko hartan, Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain herriak eremu mistoan sartu zituzten.

Gaur onartutako erreforma honek ez du, ordea, 1986tik indarrean dagoen zonifikazioa bertan behera utzi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara UPN Albisteak PSN Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan EH Bildu Araba Nafarroako Parlamentuko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak