Gizartea -
Elkarrizketa, Euskadi Irratian
Uriarte: 'Heziberri ez da LOMCEren aurkako plana; urrunago doa'
Hezkuntza sailburuaren esanetan, Espainiako Gobernuaren erreformak "ez du ezertarako balio Euskadin", horren helburuak beteta baitaude.
Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuaren esanetan, Heziberri 2020 plana "ez da LOMCEren aurkako erreminta bat". Izan ere, "urrunago" doa.
"LOMCEk ez du ezertarako balio Euskadin, gainditu egin baititugu horren helburuak", argudiatu du "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan.
Bestalde, Jaurlaritzaren plana "segurtasun juridiko osoz" idatzi dutela azaldu du, baina Espainiako Gobernuak horren aurka egingo ote duen ez dakiela gaineratu du.
ELAk, LABek, EILASek eta CCOOk hezkuntza planari ezetz esan badiote ere, sindikatu horiek 900 ekarpen inguru egin dituztela nabarmendu du Uriartek, eta dekretura "gehienak" gaineratu dituztela.
Atzo sailburuak Heziberri plana hezkuntza eragileei aurkeztu ondoren, orain eztabaida Eusko Legebiltzarrera eraman behar dute. Horren ildotik, dagoeneko talde politikoekin hitz egiten hasi direla eta EH Bilduk eta PSE-EEk lehen ekarpenak egin dituztela zehaztu du. "Hitz egiten ari gara, eta akordioak lortuko ditugula uste dut", esan du.
Lan-eskaintza publikoa
275 irakasle plaza esleituko dituen lan-eskaintza publikoa ere hartu du hizpide Uriartek, eta lehen azterketak ekainean egingo dituztela aurreratu du.
Gainera, lanpostu kopurua "Estatuko arauen arabera" zehaztu behar izan dutela azaldu du, "segurtasun juridikoa izateko".
Hain justu, gaur zabaldu da lan-eskaintza publikoan izena emateko epea.