Gizartea -

Eguraldia

Denboraleak euri-zaparrada handiak eta 150 km/h-ko haizeak ekarri ditu

Egun txarrena igandea izango da. Araban elurte handiak espero dira, eta denboraleari aurre egitea "oso zaila" izango dela ohartarazi du ahaldun nagusiak.

Olatuak Donostian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostian. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri, elur, olatu eta haize denborale indartsua Euskal Herrira heldu da bart. Alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak; izan ere, 24 orduan 60 litro ur pilatuko dira metro karratuko.

Hain zuzen ere, osteguneko 21:00etan abiatu du Jaurlaritzak alerta laranja, eta gaurko 24:00ak arte izango da indarrean; zazpi metrorainoko olatuak espero dira euskal kostaldean.

Hala ere, aurreko denboraleetan baino ahulago joko dute olatuek, denboraleak ez baitu marea biziekin bat egingo. Olatu handienak gaur goizean espero dira, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize zakarrak lagunduta. Itsasoaren egoera nabigaziorako "oso txarra" izango dela ohartarazi du Segurtasun Sailak.

Euria erruz botako du

Euskalmetek jakitera eman duenez, eguraldia "oso nahasia" izango da oro har. Atlantikoan, Azoreetako antizikloiak eta Europako iparraldean kokatutako borraska sakon batek korridore bat osatuko dute.

Korridore horretatik hainbat fronte sartuko dira eta euri-zaparrada mardulak botako ditu Euskal Herrian. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta elurra egingo du gero eta kota baxuagotan, igandean batez ere. Denboraleak asteartera arte iraun lezake.

Gaur erruz botako du euria. 80 litro ur pilatu daitezke Bizkaiko itsasoko isurialdean, eta 30 Arabako lautadan. Euri-zaparradak astelehenera arte izango dira. Asteburuan, txingorra ere bota dezake noiznahi eta nonahi.

Elur-kotak behea joko du asteburuan

Elur-kota 1.000 metroan kokatuko da lehen egunetan, baina "behea joko" du asteburuan, Euskalmeten arabera.

Larunbatean, 500-600 metrora bota dezake elurra, eta igandean elur-kota 300-500 metroan kokatuko da, baina ekaitzen ondorioz 100-200 metroraino jaitsi daiteke zenbait tokitan.

Elurte handiak Araban

Bestalde, elurteak izateko "arrisku handia" dagoela ohartarazi du Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. Horren hitzetan, "zaila izango da" denboraleari "aurre egitea", baina errepideak garbi mantentzeko operazioa prest dago, A-1 eta N-622 errepideetan bereziki. Hain zuzen ere, 60 zentimetroko geruza pilatzea espero dela azaldu du ahaldun nagusiak.

Era berean, Gasteizko Udalak elurrari aurre egiteko plana abiatuko du igandean, 12:00etan.

Elur-jausiak gertatzeko arriskua, Nafarroan

Nafarroan alerta laranja ezarri du Estatuko Meteorologia Agentziak, haize eta elur arriskuagatik. Euriagatik eta elur-jausiak gertatzeko arriskuagatik, berriz, abisu horia jarri du martxan.

Larunbatean, alerta laranja izango da bertan, elurragatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea