Gizartea -

Denboralea Euskal Herrian

Haizea, euria, elurra eta olatuak protagonistak, datozen bost egunetan

Zazpi metroko olatuek Euskal Herriko kostaldea astinduko dute, euri-zaparrada mardulak botako ditu eta elur-kotak behea joko du igandean; 100-200 metrotan kokatuko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi metroko olatuek Euskal Herriko kostaldea astinduko dute datozen egunetan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du. Datozen bost egunetan "denborale gogorra" izango da eta euri-zaparrada mardulak botako ditu. Gainera, elur-kotak "behea joko" du igandean, eta 100-200 metrotan kokatuko da.

Ostegunean, 21:00etan, alerta laranja martxan jarriko duela jakitera eman du Segurtasun Sailak. Ostiraleko 24:00ak arte indarrean izango da; izan ere, zazpi metro arteko olatuak espero dira euskal kostaldean.

Hala ere, aurreko denboraleetan baino ahulago joko dute olatuek, denboralea marea biziekin batera gertatuko ez delako. Ostiral goizean olatu handienak espero dira, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize zakarrak lagunduta. Itsasoaren egoera nabigaziorako "oso txarra" izango dela ohartarazi du Segurtasun Sailak.

Euria erruz botako du

Gainera, Euskalmet-ek jakitera eman duenez, datozen bost egunetan "oso eguraldi nahasia" espero da eta "denborale gogor" bat ostegunean helduko da. Atlantikoan Azoreetako antizikloiak eta Europako iparraldean kokatutako borraska sakon batek korridore bat osatuko dute.

Korridore horretatik fronte ezberdinak sartuko dira eta euri-zaparrada mardulak botako ditu Euskal Herrian. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta elurra egingo du gero eta kota baxuagoetan, igandean batez ere. Denboraleak asteartera arte iraun dezake.

Euriak protagonismoa hartuko du ostegun arratsaldean eta ostiralean erruz botako du. Ostiralean 80 litro metro karratuko bota ditzake Atlantikoko isurialdean eta 30 Arabako Lautadan. Euri-zaparradak astelehenera arte izango dira. Gainera, asteburuan zehar ekaitzek txingorra edozein unetan bota dezakete.

Elur-kotak behea joko du asteburuan

Elur-kota 1.000 metrotan kokatuko da lehen egunetan, baina "behea joko" du asteburuan, Euskalmeten arabera.

Larunbatean, 500-600 metrotan elurra bota dezake eta igandean elur-kota 300-500 metrotan kokatuko da, baina ekaitzen ondorioz 100-200 metrotara arte jaitsi daiteke zenbait tokitan. Egun osoan zehar txingor-zaparradak sarri botako ditu, batez ere kostaldean.

Maila baxuetan zuritu dezakeela onartu badu ere, sare sozialetan elurrari buruz zabaldu diren "gezurrei" jaramonik ez egiteko deia egin du Euskalmetek:

 

Haize zakarra

Haizeak indarra hartuko du ostegun arratsaldean eta boladek 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete kostaldean eta mendialdean. Gainerako tokietan 70-80 kilometro orduko abiaduran ibiliko da.

Ostiral eguerdira arte haizeak indartsu joko du, baina arratsaldean indarra galduko du. Asteburuan, ostera, haizeak berriro indarra hartuko du, 80-90 kilometro orduko abiadurarekin kostaldean eta mendialdean, eta 60 kilometroko orduko abiadura gainerako txokoetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea