Gizartea -
Frantziako atentatuak
Kartzelatu egin dituzte Coulibalyri laguntza eman zioten lau gizon
Terroristari armak eta materiala ematea egotzi diete, baina badirudi ez zutela atentatuetan parte hartu.
Erredakzioa
Frantziako justiziak behin-behineko espetxealdia ezarri die Amedy Coulibaly terroristari laguntzea egotzita atxilotutako lau gizonei.
Coulibalyk bost pertsona hil zituen urtarrilaren 8tik 9ra, Parisen, denda judu batean eta polizia baten aurka egindako bi atentatuetan.
François Molins Parisko fiskalak azaldu duenez, badirudi lau gizonek ez zutela parte-hartze zuzena izan atentatuotan, baina armak eta hainbat material eman zizkioten Coulibalyri.
Horietako hiru Parisko hainbat arma-dendatan izan ziren. Laugarrenaren kasuan, horren DNA arrastoak topatu dituzte Coulibalyren etxean atzemandako pistola batean.
BFM TV telebista kaltearen arabera, Coulibalyk Hayat Boumeddiene emaztea haurdun dagoela esan zien lau gizonei, baina seme-alaba "zerutik" ezagutu beharko zuela gaineratu zuen, hau da, epe laburrean hilik egongo zela aitortu zien.
Terrorista Madrilen izan zen emaztearekin urte hasieran. Ondoren, urtarrilaren 2an, Boumeddiene Istanbulera abiatu zen, eta, bertatik, Sirian sartu zen.