Gizartea -
Auzitegi Nazionala
Ustezko itsas-lapurrek ukatu egin dute 'Izurdia'ri eraso egin izana
Sei auzipetu somaliarrek azaldu dutenez, itsasora eroritako lagun baten bila ari ziren Herbehereetako gerra-ontzi batek atzeman zituenean.
Erredakzioa
Somaliako sei ustezko itsas-lapur epaitzen hasi dira gaur Auzitegi Nazionalean, eta ukatu egin dute 2012an Somalia pareko uretan Izurdia atunontziari eraso egin ziotenik, eta Herbehereetako gerra-ontzi batek atzeman zituenean itsasora eroritako lagun baten bila ari zirela adierazi dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatutako epaiketan, fiskalak 18 urte eta erdi arteko kartzela zigorra eskatzen du auzipetuentzat, bi gutxiago talde kriminaleko kide direla frogatzen ez bada.
Fiskalaren arabera, 2012ko urriaren 10ean, Somaliako kostatik 350 miliara zegoen Izurdia atunontzia bahitzen saiatu ziren sei itsas-lapurrak, eta hurrengo egunean NATOren misio batean parte hartzen ari zen gerra ontzi herbeheretar batek atzeman zuen.
Akusatuetako batek uko egin dio deklaratzeari, itzultzailea aldatzeko eskaria onartu ez delako, eta gainerakoek azpimarratu dute ez zeramatela armarik eta ez ziotela ontziari eraso egin. Horren harira, itsasora eroritako lagun baten bila ari zirela eta ez zutela itsas-lapur talderik osatzen berretsi dute.
Susana Landeras fiskalaren ustez, ordea, antolatutako itsas-lapur talde bateko kideak ziren, 30 minutuz euskal atunontziaren atzetik ibili ziren, eta tiro egin zioten ontziari.
Erasoa atunontziko segurtasun pribatuko agenteek geldiarazi zuten, eta ondoren protokoloa abian jarri eta bahiketa galarazi ahal izan zuten.