Gizartea -

Immigrazioa

EBk dio legez kanpokoa dela immigranteak berehala itzultzea

Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioaren ustez, lege batean sartuz gero, arriskuan jarriko litzateke asiloaren babeserako sistema.

Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa. Argazkia: Efe
Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa.
Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak esan du muga legez kanpo igarotzen duten immigranteak "berehala itzultzea" ez dela nazioarteko legedira egokitzen, eta neurri hori lege batean sartuz gero, arriskuan jarriko litzatekeela asiloaren babeserako sistema.

Giza Eskubideen komisarioak Melilla bisitatu eta Madrilen hainbat arduradunekin bildu ostean ohartarazi duenez, Espainian azkenean itzulketa horiek onartzen badira, "oso aurrekari arriskutsua" ezarriko litzateke, eta asilo eta nazioarteko babes sistemaren "amaieraren hasiera" izan liteke.

Herriaren Defendatzailearen egoitzan emandako prentsaurreko batean, komisario europarrak esan du Espainiako Gobernuak "irtenbideren bat" bilatu beharko duela legediak nazioarteko itunekin bat egin dezan.

"Argi dago neurri hori ez dela onargarria Europar Batasunean, Europako Kontseiluan eta Nazio Batuetan", adierazi du, ezin dela legeztatu berretsi aurretik.

Mugako segurtasun kameren grabazioak, ezabatuta

Bestalde, Espainiako Gobernuak esan du abuztuaren 13an eta 30ean Melillako hesia igaro zutenen irudiak ezabatu egin dituztela, ez daudela "eskuragarri", legeak ezartzen dituen epe batzuen buruan ezabatzen dituztelako. Izan ere, lege horren arabera, grabazioak 30 egunera ezabatzen dituzte, prozedura judizialik ez badago beti ere. Baina kasu horretan horixe gertatu zen, Melillako Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu baitzuen, immigranteen berehalako itzulketen harira.

Jon Iñarritu Amaiurren diputatuak idatziz eskatu zion Kongresuari, aurreko irailaren 1ean, segurtasun kameren grabazioak ikusi ahal izatea, poliziak immigranteekin nola jokatu zuen ikusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria