Gizartea -

Eztabaida

C Hepatitisaren botika eskatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte

Madrilen giza-katea egingo duten bitartean, Nafarroan itxialdia hasi dute C hepatitisa duten gaixoek. Bilbon, elkarretaratzea egingo dute bihar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Osasun ministroak C hepatitisaren botikaren inguruan iragarri dien erantzun zehatza iritsi bitartean, abenduaren 25etik itxialdian dira Madrilgo 12 de Octubre erietxean Estatuko hainbat gaixo.

Larunbatean, giza-katea egingo dute erietxea eta Moncloa Jauregiaren artean, eta ekimen horretan parte hartzeko asmoz, Madrilera bidean dira EAEko eta Nafarroako C Hepatitisa duten hainbat pertsona.

Bilbon ere bilkura deitu dute biharko, Sovaldi bezalako botika garestiak behar dituzten gaixoek sortu berri duten plataformak. Elkarteek diotenez, 500 bat lirateke EAEn, larri eta botika horien premian dauden gaixoak.

Protestak ugaritzen ari dira han eta hemen, C Hepatitisari aurre egiteko dauden botika berriak ez direlako iristen, gaixoen elkarte ezberdinetatik salatzen dutenez.

Tartean dago Sovaldi izenekoa, oso gaizki daudenei bakarrik ematen zaie eta guztiei emateko ordua badela adierazi dute plataformatik.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak adierazpen instituzionala onartu du gaur, Gobernuari eskatuz tratamendu egokia eman diezaiela C Hepatitisa duten gaixoei. UPNk eta PPk ez dute bat egin.

7.000 dira gaitzak jotakoak Nafarroan, baina botika berrienen premia luketenak 700 eta 1.200 artean direla azpimarratu dute.

Gaixo dauden pertsonen eskubideak ezin direlako irizpide ekonomikoen mende egon eta Nafarroak osasun auzi honetan erabaki propioak hartzeko eskumena baduelako, premiazko eskaera egin diote Barcinaren Gobernuari elkar hartuta PSNk, EH BILDUK, Aralarrek, Nafarroa Baik, Ezkerrak eta Geroa Baik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea