Gizartea -
Memoria Historikoa
36ko gerran fusilatuen omenezko monolitoaren kontrako erasoa, Ezkaban
Esbastika bat marraztu eta fusilatuen izenak zeramatzan plaka estali dute.
Erredakzioa
Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak salatu duenez, 1937ko urtarrilaren 11n Ezkaban fusilatu zituzten Murillo del Frutoko eta Santacarako hamaika herritarren omenez Ezkaba mendian (Berriozar) jarritako monolitoak eraso faxista jasan du.
Izan ere, urrian jarritako monolitoaren gainean esbastika bat marraztu eta fusilatuen izenak zeramatzan plaka estali dute.
Elkarteak Justiziari exijitu dio "gertatutakoa argitzeko", eta "ondare publikoaren, Nafarroaren memoriaren eta frankismoko biktimen omenezko monolitoaren kontra eraso egin dutenek egindakoagatik ordaintzeko" eskatu dute.
"Ez dugu etsiko faxisten eta diktaduraren biktima guztien egia, justizia eta konponketa lortzeko lanean", adierazi du elkarteak Berriozarko Udalari neurriak har ditzala eskatu aurretik.