Gizartea -
Aldaketak Elizan
Gasteizko gotzainak kargua utziko du martxoan
Miguel Asurmendik 75 urte beteko dituen egunean utziko du Gotzaintza. Juan Antonio Aznarez da horren lekua hartzeko faborito.
Erredakzioa
Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak kargua utziko du martxoaren 6an, 75 urte beteko dituen egunean, Radio Euskadik aurreratu duenez. Horrenbestez, Frantzisko aita santuaren izendapen berrien profila nolakoa izango den neurtzeko lehenengo aukeretakoa izango da.
Asurmendi 1995 urtean izendatu zuten Gasteizko gotzaina. Horren agurrak aro bat itxiko du Euskadin. Izan ere, Asurmendik berak eta Juan Mari Uriarte eta Ricardo Blazquez Donostiako eta Bilboko gotzain ohiek jarrera bateratuak adostu zituzten garrantzi handiko hainbat gaitan, bakegintzan, kasu.
Blazquezek eta Uriartek kargua utzi zutenean, profil ezberdineko elizgizonak hautatu zituzten: Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako hiriburuan, kutsu kontserbadore handikoa, eta Mario Iceta Bizkaikoan, proiekzio publiko urrikoa.
Orain, Gasteizko hurrengo gotzainak Frantzisko aita santuaren profil berberekoa izan beharko du. Jose Antonio Badiola teologoaren ustez, euskal Elizak indarra galdu du Vatikanoan, eta, ondorioz, Asurmendiren ordezkoak ezin izango du profil propioa izango.
Asurmendiren lekukoa hartzeko faboritoa Juan Antonio Aznarez Iruñeko gotzain-laguntzailea ei da. Beste hautagai batzuk hauek dira: Raul Berzosa Ciudad Rodrigoko (Gaztela eta Leon) gotzaina, Fernando Gonzalo Gasteizko bikario nagusia eta Joseba Camiruaga bizkaitarra.
Edozein kasutan ere, prozesuak hilabeteak edo urtebete iraungo du. Trantsizioa lasaia izango dela uste dute adituek.
Aro berria Espainiako Elizan
Oro har, Espainiako Elizan aldaketa garaia etorriko dela dirudi. Rouco Varela Espainiako Gotzain Batzarreko presidente ohiaren aro kontserbadorea amaitu egin da, eta Frantzisko aita santuak sustatuta, Ricardo Blazquez presidente ohiak irekitasunaren alde egin ahal izango du.
Hurrengo hilabeteetan, bederatzi gotzain aldaketa egingo dituzte Estatuan.