Gizartea -

Gobernu bilera

EAEko unibertsitateek 1.300 milioi izango dituzte 2018a arte

Eusko Jaurlaritzak 2015-2018 Unibertsitate Plana onartu du. Bertan, euskal unibertsitate sistemaren estrategiak eta finantzaketa bildu dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2015-2018 Unibertsitate Plana onartu du astearte honetan. Bertan biltzen denez, EAEko hiru unibertsitateek 1.300 milioi euro inguru izango dituzte datozen lau urteetarako.

Cristina Uriarte Hezkuntza eta Kultura sailburuak eman du planaren berri, Jaurlaritzak egindako urteko azken Gobernu bileraren ostean. Plan horretan euskal unibertsitate sistemaren estrategiak eta finantzaketa bildu dituzte.

Uriartek adierazi duenez, ezin dira konparatu egungo egoera ekonomikoa 2011n zegoenarekin eta, hala, adierazi du plana ''errealista, zuhurra eta malgua'' dela.

Ezaugarriak

Hezkuntza sialak jakitera eman duenez, astearte honetan aurkeztutako plana bi printzipiotan oinarritzen da: ''Euskal Unibertsitate Sistemaren nazioarteko proiekzioa, kalitate bereizgarri gisa; eta espezializazioa''.

Halaber, lau helburu estrategiko jasotzen ditu:

1. Euskal Gizarteak dituen goi mailako prestakuntza beharrei erantzutea, irakaskuntza-eredu eta metodologia  berritzaileen bitartez.

2. Euskal Unibertsitate Sistemaren baliabide eta gaitasunak garatzea, bikaintasunezko ikerketa eta nazioarteko proiekziodun ikerketa egiteko.

3. Euskal gizartearen erronka ekonomiko eta sozialei ekarpen erabakigarriak egitea, ezagutza-transferentziaren bidez eta profesionalen etengabeko prestakuntzaren bidez.

4. Zerbitzu-eskaintza inklusiboa eta kalitatezkoa izango duen Euskal Unibertsitate Sistema bermatzea, baliabideen eta teknologia berrien erabilera jasangarria, gardena eta ingurumenarekiko arduratsua egingo duena, eta finantziazio eredu orekatua eta jasangarria izango duena.

Horrez gain, unibertsitate mailan euskararen alde apustu egiten du planak, Cristina Uriartek adierazi duenez.

Enplegu publikoa

Unibertsitate publikoari dagokionez, planak aurreikusten du ikertzaileak formazio lanetan kontratatzea, Euskadin ''ikerketaren etorkizuna bermatzeko'' eta unibertsitateko irakasleen ''harrobia'' izan daitezen. Halaber, aurreko planean aldi baterako sorturiko lanpostuak ''finkatu'' ahal izan daitezen bidea ezartzen du, ''aurreko aldian sortutako enpleguaren jarraipena bermatzeko''.

Hirugarren plana

2015-2018 Unibertsitate Plana, Euskal Unibertsitate Sistemak 2004an legez sortu zenetik izan duen hirugarren plan integrala da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EHU albisteak Deustuko Unibertsitatea bideoak