Gizartea -

Zaborren kudeaketa

Gipuzkoako hiru zabortegien itxiera 2016ra arte atzeratu dute

Plangintza urtebete atzeratu behar dutela onartu du Aldundiak. Zubietako TMB plantaren inguruan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak “kronograma” aldatzera behartu duela esan du Errazkinek.

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatua. Artxiboko irudia: EFE
Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatua. Artxiboko irudia: EFE
Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatua. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaborren kudeaketarako plangintza urtebete atzeratu behar dutela onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak; izan ere, azpiegiturak martxan jartzeko eta lurraldeko hiru zabortegiak ixteko uste baino denbora gehiago beharko dute. Horrela, zabortegiak 2016ko amaieran itxiko dituzte.

Foru Gobernuak iragan otsailean aurkeztutako zaborren plana “aldatzera behartu gaituzte”, Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatuak iragarri duenez. Zubietako TMB plantaren inguruan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak “kronograma” aldatzera behartu duela esan du.

Foru Jauregian prentsaurrekoa eman du Errazkinek, Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) presidentearekin eta Urola Erdia, Sasieta eta Urolako Kostako mankomunitateen ordezkariekin batera.

“Erabaki politikoa”

Eusko Jaurlaritzak orain dela gutxi hartutako “erabaki politikoak ez du beste aukerarik utzi eta atzerapena behartu” duela adierazi du Errazkinek. Zubietako TMB plantaren baimena ez luzatzea erabaki zuen Gasteizko Exekutiboak. Ondorioz, baimen berri bat eskatu behar du Aldundiak, eta horretarako urtebete inguru beharko du.

Diputatuak iragarri duenez, zabortegiak ixteko egutegi berria mankomunitateekin adostu dute. Zarautzeko Urteta zabortegia abenduaren 23an itxiko dute, hasieran aurreikusi bezala. Azpeitiko Lapatx zabortegiaren itxiera, ostera, apiriletik 2015eko udazkenera atzeratu beharko dute. Azkenik, Beasaingo Sasieta zabortegia ixteko beste urtebete beharko dute. Ondorioz, itxiera 2016ko amaierara arte atzeratu behar izan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Ekologia gaur