Gizartea -
Atletico Madril-Deportivo
Kartzelatu egin dituzte Jimmyren ustezko hiru hiltzaileak
Riazor Blues taldeko 18 pertsona atxilotu dituzte ostegun honetan, borroka jendetsuan parte hartu izana egotzita.
Erredakzioa
Madrilgo 20. zenbakiko instrukzio epaitegiak kartzelatu egin ditu Francisco Javier Romero Jimmy Deportivo taldeko ultraren ustezko hiru hiltzaileak.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, Juan Antonio Saenz de San Pedro epaileak aske utzi ditu gainerako atxilotuak, baina karguak egotzi dizkie. Salbuespen bat: Larrialdiko Talde Militarreko kide bat, kargu gabe libre utzi baitu.
Jimmyren hiru ustezko hiltzaileek ez dute aitortu liskarrean parte hartu izana. Hilketa egin izana egotzi dietenak hauek dira: Parlako taxilari bat, Alcobendasko 21 urteko mutil bat eta atzo atxilotutako beste pertsona bat.
18 atxiloketa gehiago
Polizia Nazionalak Riazor Blues taldeko 18 lagun atxilotu ditu Coruñan, Neptuno operazioaren bigarren fasearen baitan, Poliziaren iturriek jakitera eman dutenez.
Atxiloketa guztiak Coruñan egin dituzte, eta atxilotu guztiei azaroaren 30ean, Madrilen, Riazor Blues eta Frente Atletico taldeen arteko borrokan parte hartzea leporatzen diete. Liskar horietan, Francisco Javier Romero "Jimmy" Coruñako Deportivo futbol taldeko jarraitzailea hil zuten.
Ikerketaren iturriek azaldu dutenez, polizia-operazioa zabalik dago eta atxiloketa gehiago egon daitezke datozen orduetan.
Bigarren fase honetan, Poliziak Riazor Blues taldeko kideak atxilotzea du helburu; izan ere, Poliziak Madrilgo borrokaren erantzuleetako bat izatea egotzi die. Aurrez, Neptuno Operazioaren lehen fasean, Poliziak 41 pertsona atxilotu zituen.
Polizia-operazioa gauzatzeko, polizia-agente batzuk Madrildik Galiziara joan ziren, guztia elkarlanean prestatu eta atxiloketak egiteko.