Gizartea -
Energia nuklearra
Oposizioak Garoña ixteko konpromisoa hartu du
PPk, UPyDk eta CiUk ez beste talde parlamentario guztiek zentral nuklearra ixtea promestu dute, hurrengo legegintzaldian gobernatzen badute.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko talde parlamentario guztiek (PP, UPyD eta CiU izan ezik) Garoñako zentral nuklearra ixteko konpromisoa hartu dute, hurrengo legegintzaldian agintean badaude.
Talde horien ustez, Espainiako Gobernuak zentral horren iraupena 60 urtera luzatu nahi du.
Ekimenaren aurkezpenean, Luis Tudanca PSOEko diputatuak salatu egin du Mariano Rajoy presidentearen Exekutiboak “hautsi” egin nahi duela zentral nuklearraren iraupena 40 urtekoa izateko akordioa.
Gainera, duela bi urte Nuclenorrek Garoña itxi zuenean, zentral hori Estatuko hornikuntza elektrikoarentzat beharrezkoa ez dela egiaztatu zela gogorarazi du.
Bestalde, Pedro Maria Azpiazuk (EAJ) zentralaren amaiera sustatzeko ekimen guztiekin egingo dutela bat aurreratu du.
Joan Baldovi Compromiseko bozeramaileak kritikatu egin du PPk interes ekonomikoei lehentasuna ematea, eta Xabier Mikel Errekondok (Amaiur) eta Rosana Perezek (BNG) adierazpen horrekin bat egin dute.
Garoña Estatuko zentral nuklear zaharrena eta txikiena da. Geldirik dago 2012ko abendutik, Nuclenor enpresak arrazoi ekonomikoak argudiatu zituelako hura ixteko (Espainiako Gobernuak hainbat zerga sortu zituen erregai nuklearrarentzat).
Ondoren, iritzia aldatu zuen, eta Industria Ministerioari zentrala beste 17 urtez zabaltzeko baimena eskatu zion. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, baina, oniritzi loteslea eman behar dio.