Gizartea -
Atletico-Deportivo
Jimmyren ustezko bi hiltzaile atxilotu dituzte
Espainiako Poliziak operazioa abiatu du Coruñako Deportivoko jarraitzaileari eraso ziotenak atxilotzeko, eta dagoeneko 30 lagun baino gehiago atzeman ditu.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak Francisco Jose Romer Jimmy Coruñako Deportivoko jarraitzailearen ustezko bi hiltzaile atxilotu ditu. Jimmy azaroaren 30ean hil zuten Atletico Madril taldeko jarraitzaileek buruan kolpea jo eta ibaira botata.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, 34 atxilotuetako biri Jimmy hiltzea leporatzen diete. Vicente Calderon estadioaren ondoan hil zuten Deportivo taldeko jarraitzailea, burdinazko haga batekin buruan emandako kolpe batek eragindako hemorragia baten ondorioz.
Atxilotu guztiak Frente Atleticoko kideak dira eta polizia-etxean daude. Homizidioa, armak edo objektu arriskutsuak legez kanpo edukitzea eta istiluetan parte hartzea leporatzen diete, baina ez dute zehaztu zein delitu egotzi dioten nori.
Neptuno operazioa Madrilgo Informazio Brigadako agenteen esku dago, eta istiluen kontrako unitateko agenteekin lankidetzan abiatu dute.
Aipatu iturrien arabera, borrokan parte hartu zuten Frente Atletico eta Riazor Blues taldeetako kideak atxilotzea da operazioaren helburua, baina bereziki ligako partidaren aurretik Vicente Calderon estadioaren inguruan Deportivoren jarraitzailea hil zutenak aurkitu nahi dituzte. Izan ere, Jimmy kolpeka hil eta gero ibaira bota zutenak atxilotuen artean egotea espero dute.