Gizartea -

Noos auzia

Fiskaltzak eskatutako 587.000 euroak ordaindu ditu Cristina infantak

Aizoon enpresaren bitartez irabazitako dirutza aurkeztu du, horrenbestez, Espainiako erregearen ahizpak epaitegian.

Fiskaltzak eskatutako dirutza ordaindu du Espainiako erregearen alabak. EFE
Cristina infanta
Fiskaltzak eskatutako dirutza ordaindu du Espainiako erregearen alabak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noos auziaren baitan Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Cristina infantari eskatutako 587.413,58 euroak Palmako 3. zenbakiko Instrukzio epaitegian aurkeztu ditu haren defentsak. Aizoon enpresaren bitartez dirutza hori irabazi zuela iritzita, kopuru bereko fidantza ordaintzea eskatu zuen Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak aurkeztutako akusazio-idazkian.

Cristina infantaren prokuradoreak idazkia aurkeztu du gaur epaitegian fidantza kontu korrontean sartu dutela azalduz. "Ezarritako ardura zibilarengatik ad cautelam kontsignatu dituzte 587.413,58 euroak", jakinarazi du Balear Uharteetako Justizia Auzitegi Nagusiak.

Aizoon enpresaren jabetza erdibana zuten Cristina infantak eta Iñaki Urdaingarinek. Horrach fiskalaren ustez, enpresa horrek bidegabe irabazitako eta gastu pertsonaletara bideratutako kopuruaren erdia da orain erregearen ahizpak ordaindutakoa.

Fiskalak bere idatzian argudiatu zuenez, infantak ez zekien Aizoon enpresaren irabaziak bidegabe lortutakoak zirela baina, hori gorabehera, dirutza familia gastuak ordaintzeko erabili zuen.

Fiskaltzak fidantza ordaintzea baino ez du eskatu infantarentzat, eta auzipetzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, haren kontrako epaiketa bertan behera uztea galde egin du.

Estatuko Abokatutzak ere 168.571 euroko ardura zibila eskatu du infantarentzat, dirutza hori dohain bidez eskuratu zuela uste baitu.

Urdaingarini zigorra ezarriko baliote, Abokatutzak eta Fiskaltzak eskatutako fidantzak ordaindu beharko lituzke infantak. Gaurko ordainketarekin, bada, aukera horri aurrea hartu dio Felipe VIren ahizpak.

 
 
 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta Ustelkeria politikoa azken albisteak Ustelkeriaren mapa