Gizartea -

Dibidendu digitala

Etxebizitzen erdiek LTDko kateak ikusteari utziko diete

Urtarrilaren 1erako aurreikusita dagoen itzalaldi digitalari aurre egiteko neurriak berandu hartu direla salatu dute instalatzaileek eta administratzaileek.

Antena egokitu ezean, telebista kate batzuk ikusteari utziko diete ehunka herritarrek.
Telebista
Antena egokitu ezean, telebista kate batzuk ikusteari utziko diete ehunka herritarrek.

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hitz: dibidendu digitala. Bolo-bolo dabil gaia, eta auzokideen hainbat komunitatetan ez da besterik aspaldian. Gutxi batzuek ulertzen dute bi hitz xelebre horien esanahia, baina askok pairatu beharko dituzte ondorioak: 2015eko urtarrilaren 1erako antena kolektiboa egokituta ez dutenek telebista-kate batzuk (tartean, ETB) ikusteari utziko diote. eitb.eus-ek galdekatu dituen antena-jartzaileek, ikus-entzuleen elkarteek eta higiezinen kudeatzaileek argi dute zer gertatuko den: "Ez du denborarik emango, inondik inora".

Zer da, baina, dibidendu digitala?

2010ean itzalaldi digitala egin zutenetik, modu digitalean emititzen da telebista, lurreko hedatzaile sare baten bitartez. LTD edo Lurreko Telebista Digitala deitzen zaio horri. LTDa uhinen bidez barreiatzen da; uhinok espazio publiko jakin batean daude, espektro erradioelektrikoan. Espektro honetan hainbat zerbitzuk egiten dute bat: telebista, irratia, telefonia?.

Lurreko Telebista Digitala 407-862 MHz-eko UHF bandan (Ultra High Frequency-ren siglak ingelesez; Frekuentzia Ultra Altuak, euskaraz) egon da azken urteetan Espainiako Estatuan. 2007an, belaunaldi berriko telekomunikazioen teknologia ate-joka zegoela iritzita, bandaren azken frekuentziak (790 MHz-etik 862 MHz-era doazenak) 4G sareetara bideratu behar zirela ebatzi zuen Europako Batzordeak eta estatu kideek ere hala egiteko zuzentaraua onartu zuten.

Arauari jarraiki, 800 MHz-eko banda 4G-ko sareei bideratzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, baina hori egin ahal izateko, seinalea frekuentzia horietan emititzen zuten telebista-kate batzuk lekuz aldatu behar ziren. Hori da, hain justu, dibidendu digitala: frekuentziok berrantolatzeko prozesua 800 MHz-eko banda libre gera dadin. Hala, seinalea 61 eta 69 frekuentzien artean emititzen zuten telebista-kateak beste batera eramango dituzte.

Prozesu tekniko honen aurrean neurriak hartu behar izan dituzte etxebizitza-eraikinek. Aurrena, antena egokitu behar izan dute eta, ondoren, telebista-kanalak berriro sintonizatu. Etxebizitza bakarreko etxeetan eta eraikin txikietan beste era bateko antenak erabiltzen direnez, ez dituzte antenak egokitu behar izan, eta kanalak sintonizatzearekin nahikoa da. Dibidendu digitalak telebista LTDaren bidez jasotzen dutenei bakarrik eragingo die, ez seinalea kable bidez jasotzen dutenei.

Hiru hilabete "eskas" antena egokitzeko

4G-ko sareei lekua uzteko erabakia 2011n hartu zuen Gobernuak, eta orduan ezarri zuen 2014ko abenduaren 31ko epemuga. Nolanahi ere, aldaketok burutzeko diru-laguntzak, epeak eta prozedurak jasotzen dituen dekretua 2014ko urrian adostu zuen eta, hortaz, antenak egokitzeko hiru hilabete bakarrik izan dituzte.

Denbora-tarte mugatu hori da, hain zuzen ere, telekomunikazioen instalatzaileek salatu dutena. Alvaro Ubierna ingeniari eta Bizkaiko Instalatzaile Elektriko eta Telekomunikazioetako Enpresen Elkarteko (AEIETB) aholkulariak kritikatu duenez, 2015eko muga lau urte lehenago ezarri zuen Gobernuak, baina "orain gutxira arte, instalatzaileek ezin izan dute antena egokitzeko lanik egin, kanalen plana uda amaitu ostean kaleratu zutelako. Amatatuko dituzten kanalak zeintzuk ziren jakin arte, fabrikatzaileek ezin izan dituzte piezak egin eta material falta dago". Gipuzkoan, gainera, arazo gehigarri bat dago, Dorleta Gorostiaga antena-instalatzaileei aholku ematen dien Setalde enpresako Telekomunikazio ataleko kidearen arabera: "Frekuentzia altuak itzali arte, kanal bat (Energy, adibidez) ez dute frekuentzia baxuetan emitituko. Zer esan nahi du horrek? Instalatzailea bi aldiz joan beharko dela urtarrila baino lehen eraikinetara, bizilagunek kanal guztiak ikus ditzaten".

Arnasa hartzeko astirik gabe ibili dira hiru hilabeteotan instalatzaile eta eraikinen administratzaileak: lan eta lan. Hala izanagatik ere, abenduaren 31rako garaiz iritsiko ez direla uste dute AEIETBk eta Setaldek. Horien arabera, antenen % 45-50 baino ez dira egokituta izango dibidendu digitala indarrean sartzen denerako.

Luis Prado Bizkaiko Soro Administratzaileen Lurralde Kolegio Ofizialeko presidentearen hitzetan, gainera, antena instalatzaileek "informazio kontraesankorrak" eman dizkiete, eta horrek "zoramena" eragin du: "Batzuen esanetan, instalazio batzuetan aparteko lanik gabe ikusi ahalko da telebista, baina beste batzuen ustez, egokitzapena halabeharrez egin behar da. Informazioa ez da homogeneoa izan". Pradok eitb.eus-i azaldu dionez, 2010ean antena aldatu edo moldatu zutenak "ezer egin ez zuten horiek baino hobeto daude", fabrikatzaileek "pieza berriak egiteari eman dietelako lehentasuna, zaharren kaltetan".

Telebista eta ikus-entzunezko hedabideen Euskadiko elkartea (Ateleus) ere oso kritikoa da: "Aldaketa irailean iragarri zuten, eta oso denbora-tarte txikia da prozesu tekniko konplexua burutzeko. Zein izan da akatsa? Pertsonak adituak direla pentsatzea. Oso kontu teknikoa da eta jendeak ez du ulertzen zergatik eta zertarako. Eta okerrena, patrikan duela eragina".

Herritarra, "nahasita" eta ordaintzera behartuta

Higiezinen kudeatzaileek emandako datuen arabera, antena egokitzeko batez besteko kostua 500 eurokoa da. "Egokitzapen batzuengatik 800 euro ordaindu beharko dira; beste batzuengatik, 300", esan du Luis Pradok. Mariano Rajoyren gobernuak instalazio komunitarioak moldatzeko diru-laguntzak iragarri zituen, sarean eskatzekoak. Gune bakoitzean aldatu beharreko frekuentzien araberakoak izango dira laguntza horiek: 100 euro artekoak zentralita programagarria dituzten horientzat, eta, asko jota, 550 eurokoak, kanal bakarreko hedagailua dutenentzat.

Oro har, dibidendu digitalaren kostua 286 milioi eurokoa izango da, eta Madrilgo gobernuak zatirik handiena bere gain hartuko duela iragarri du. Ikus-entzuleen eskubideak defendatzen dituen Ateleus elkarteak, ordea, bestelako datua eman du: "Dibidendu digitalaren kostu handiena diru publikoarekin ordainduko dela dio Gobernuak, baina, herritar bakoitzak 20 euro ordaindu beharko dituela esan dute, eta horrek, kalkulua eginez, 200 milioi euro eragin ditzake Estatu osoan. Jendeak ordaindu beharko du dibidendu digitala".

Telebista, Dida

Hori horrela, etxebizitzen administratzaileek eta telebista-ikusleen elkarteek uste dute herritarrak direla kaltedun nagusiak. Ateleusen iritzian, "ez dago onurarik ikus-entzuleentzat, ez oraingoz behintzat. Ez du ematen onurarik izango dugunik. Kateak berriro sintonizatu ostean, batzuk errepikatuta daude, desagertzen direnak eta horiek ordezkatzen dituztenak baitaude. Kate batzuk birritan ditu ikus-entzuleak, eta itzalaldiaren ostean, berriro sintonizatu beharko ditu guztiak. Zertarako? Bada, berdin jarraitzeko. Eta aurretik antenen instalatzaileari deitu behar izan diogu eta instalazioa egokitzeko lanak egin arte itxaroten egon. Ematen du dibidendu digitala eskertu beharreko kontua dela, oparia bailitzan. Horren ordez, dirua aurreratu behar dugu, eta trukean ez dugu inolako onurarik", adierazi dute elkartekoek.

Zer gertatuko da urtarrilaren 1ean?

Konponbiderik ezean, LTDaren kate batzuk ikusteari utziko diote herritar askok. Antena egokitu eta berriro sintonizatu ez dutenei (azken hori derrigorrez egin behar da, instalazioan moldaketarik egin ez bada ere) horixe gertatuko zaie. Gipuzkoako Setalde enpresako Dorleta Gorostiagaren esanetan, ETBri ere eragingo dio itzalaldiak, baita Espainiako telebista publikoari (TVE) eta hainbat kate pribaturi ere.

Ikus-entzuleen eskubideak hutsaren hurrengo direla salatu du Ateleus elkarteak: "Teoria hutsa da, teleikusleen elkarteei ez digute galdetu ere egin; izan ere, hala egin izan balute, informazio gehiago eta osoagoa, antenak egokitzea doan izatea eta aldaketa egiteko denbora gehiago izatea eskatuko genuke", esan du.

Itzalaldiaren ostean, 4G-ko sareko eta LTDko seinaleen artean interferentziak egon daitezkeela aitortu du Espainiako Gobernuak: "Kasu bakan batzuetan gertatuko dira, gertatzekotan", zehaztu dute. Hala, gerta liteke, 4G teknologia erabiltzen ari garenean telebista ezin ikustea, edo telebista piztuta dugunean sakelakoan Internet erabili ezinda egotea. Madrilgo gobernuaren esanetan, telefonia mugikorreko konpainiek konpondu beharko dute arazoa.

Ingurumaria honetan, itzalaldia hiru hilabetez atzeratzea proposatu dute eitb.eus-ek galdekatutako agente guztiek, 2015eko martxora arte behintzat. Alvaro Ubierna Bizkaiko antenen instalatzaileen aholkulariaren aburuz, hiru hilabete gehiago edukita, "instalazio guztiak egokitzeko astia edukiko genuke". Gipuzkoako Setalde enpresako Dorleta Gorostiaga ere uste berekoa da, baina zalantzan jarri du luzamendua egiteko aukera, "Europatik ezarritako plana baita, nahitaez bete beharrekoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Espainiako Gobernua albisteak Telebista Euskal Herrian