Gizartea -

Gaurtik aurrera

Bizkaibusen zerbitzu berria abian, 89 ibilbide eta autobus berriekin

Esleitutako enpresa berriek 10 urtez beteko dute zerbitzua eta 79 milioi euro jasoko dute urtean. Halere, oraindik argitzeke dago 1.400 langileren etorkizuna.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaibus berria’, Bizkaiko garraiobide publikoen zerbitzu horri emandako izena, abian da gaurtik, igandea, aurrera. Zerbitzu berria zenbait enpresa berrik emango dute, eta 89 ibilbide eta 65 autobus berri osatuko dute Bizkaiko zerbitzu hau. Halere, oraindik ez dute argitu lanpostuak eta beharginen  lan-baldintzak mantentzeko modua.

Gaur, zerbitzuaren esleipenaren aktak sinatuko dituzte Pesa Lur, S.A., Ezkerraldea-Meatzaldea Bus, S.A., Busturialdea-Lea Artibai Bus S.A., Grupo Acha Movilidad Lujua Txorierri Mungialdea S.A. eta Grupo Acha Movilidad Enkarterri S.A. enpresek.

Esleitutako enpresa berriek 10 urtez beteko dute zerbitzua eta 79 milioi euro jasoko dute urtean.

89 ibilbideetatik, 15 Busturialdea-Lea-Artibain izango dira; 22 Ezkerraldea-Meatzaldea; 8 Enkarterrietan; 23 Txorierri-Mungialdean eta 21 Nerbio-Arratia-Durangaldean.

2015ean ibilbide berriak inauguratu eta zerbitzuan hobekuntzak egingo dituzte.

Bizkabus berritzeko 65 autobus berri martxan jarriko dira, denontzat erabilgarri eta itsuentzako informazioa emango dute bidaian. Gainera, doako wifi sarea jarriko dute bidaiarientzat erabilgarri, baina zerbitzua mailakatuta sartuko dute.

Halere, oraindik argitzeke dago zerbitzua ematen duten 1.400 langileren etorkizuna; baina Diputazioak abenduaren 22ra arteko epea du sindikatuei zehaztutako plan bat aurkezteko.

Diputazioak aipatutako eguna baino lehen informatzeko konpromisoa hartu zuen, urrian -langileek egindako greba mugagabearen ostean- egindako akordioa betetzeko, lanpostuak eta lan-baldintzak mantenduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Bizkaibus berriak