Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Prostituziora behartzen zuten neska bat askatu dute Bartzelonan
Sendi bereko sei pertsona atxilotu eta kartzelatu dituzte, gizaki-trafikoa eta beste hainbat delitu egotzita.
Erredakzioa
Bartzelonako Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak 18 urteko neskato bat askatu dute Bartzelonan, sendi batek prostituziora behartzen zuelako adingabe zenetik.
Poliziak sendi bereko sei pertsona atxilotu ditu, lau gizon eta bi emakume, eta epaileak horiek kartzelatzea agindu du. Beste bi emakumeren bila ari dira orain.
Neskatoa Errumaniako umezurtz-etxe batean hazi zen, eta, 17 urte zituenean, aipatu sendiak hartu egin zuen, eta herrialde hartan, Italian, Ingalaterran eta Belgikan prostituitzera behartu zuen.
18 urte bete zituenean, sendiak izeko bati 'saldu' zion neska, 300 euroren truke, eta horrek ere prostituitzera behartu zuen hainbat herrialdetan.
Ondoren, emakumezkoak sendiari 'itzuli' egin zion neskatoa, eta, udan, Bartzelonara eraman zuten. Bertan, egunero 12 ordu ematen zuen prostituzioan. Une oro behatzen zuten, behin eta berriro erasotzen zioten eta abortatzera behartu zuten, haurdun geratu zenean.
Atxilotutakoak bermerik gabe kartzelatzea agindu du epaileak, hainbat delitu egotzita; gizaki-trafikoa, prostituitzera behartzea eta talde kriminaleko kide izatea, besteak beste.