Gizartea -
Abadiñoko hilketa matxista
Legebiltzarrak 'berdintasunaren aldeko konpromisoak' eskatu ditu
Gasteizko Ganberak gaitzetsi egin du Abadiñoko hilketa matxista bikoitza.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak "gaitzetsi" eta "erabat baztertu" du atzo Abadiñon izandako hilketa bikoitza, eta "emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonalak eta kolektiboak" hartzeko deia egin die herritarrei.
Bi emakumezko hilik aurkitu zituzten atzo Abadiñoko etxebizitza batean. Biktima horietako baten senarra eta bestearen suhia denak aitortu egin du berak hil zituela, eta atxilotuta dago.
Hori horrela, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak adierazpen instituzional bat irakurri du gaurko saioaren hasieran, krimena gaitzetsi eta biktimen senideei eta gertukoei babesa eta doluminak adierazteko.
Adierazpen instituzionalean, Gasteizko Ganberak gaitzetsi egin ditu hilketa horiek "eta baita emakumeen kontrako indarkeriako edo sexu diskriminazioko beste edozein adierazpen ere".
Gainera, Bilboko "gertakizun larria" ere aipatu du. Gizon batek bikotekide ohiari eraso zion asteburuan, arma zuriz, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
Legebiltzarraren esanetan, indarkeria sexista "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpen larriena da".
Horren ildotik, berdintasunaren aldeko "konpromiso pertsonalak eta kolektiboak" eskatu dizkie Ganberak herritarrei, eta erakundeek desberdintasunak desagerrarazteko "erantzukizun funtsezkoa" dutela nabarmendu du. Hori dela eta, "plan integralak" diseinatzea premiazkotzat jo du, "beharrezkoak diren baliabide guztiak bideratuta".
Azkenik, "emakumeen aurkako indarkeria ekintza gehiagorik ez gertatzea" espero duela adierazi du Legebiltzarrak.