Gizartea -
Salaketa
Bitartekaritza Zerbitzura igorri du Marotoren kontrako kasua fiskalak
Gasteizko alkateak dagoeneko iragarri du joango dela, baina argi adierazi du ez duela barkamenik eskatuko, eta SOS Arrazakeriari exijituko diola "barkamena" eskatzea bere kontrako "irainengatik".
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak Eusko Jaurlaritzako Bitartekaritza Zerbitzura igorri du Javier Maroto Gasteizko alkatearen kontra zabaldutako auzia. SOS Arrazakeria elkarteak jarri zuen Marotoren kontrako salaketa, uztailean egindako adierazpen batzuen bidez gorrotoa sustatu eta pertsonen duintasunaren kontra egin zuelakoan.
Gasteizko Udaletik baieztatu dutenez, alkateari deklarazioa hartu ostean erabaki zuen Calparsorok Bitartekaritza Zerbitzura bideratzea kasua. Gatazkak konpontzeko bitartekoak jartzen dituen bulego tekniko bat da Bitartekaritza Zerbitzua. Kasu honetan, beraz, SOS Arrazakeria eta Maroto aurrez aurre jarriko ditu, akordio bat bilatze aldera.
Calparsorok dekretu bat kaleratu du, eta Gasteizko Udalak badu, jada, ebazpenaren berri. Orain, bi aldeei dagokie zerbitzu honetan parte hartuko duten edo ez erabakitzea. Bitartekaritzaren bidea onartu ezean, kasuak bere ohiko bidea egingo du epaitegietan.
Aditu talde batek osatzen du Bitartekaritza Zerbitzua, auzibideei irtenbide adostua ematea du helburua, bi aldeen artean akordioak bilatzea, eta epaileek eta fiskalek ikuskatzen dute.
Marotok udan egindako adierazpenek piztu zuten polemika, diru-laguntzen kontura bizitzea leporatu baitzien magrebtarrei.
SOS Arrazakeria da "barkamena eskatu" behar duena
Gasteizko alkateak dagoeneko iragarri du Bitartekaritza Zerbitzura joango dela, baina argi adierazi du ez duela barkamenik eskatuko, eta SOS Arrazakeriari exijituko diola "barkamena" eskatzea bere kontrako "irainengatik".
Marotok berretsi du SOS Arrazakeria dela "gogoeta" egin beharko lukeena, eta bere helburua "laguntza sozialen iruzurra eta gehiegikeria ezabatzea" dela azpimarratu du.
Bitartekaritzari ?aukera bat? emango dio SOS Arrazakeriak
Bitartekaritza Zerbitzuari ?aukera bat? emateko prest agertu da SOS Arrazakeria, baina Maroto elkarteari ?errua botatzen saiatzea? deitoratu du.
Magrebtarren aurkako akusazioak frogatzeko PPko ordezkariak ?dokumentaziorik aurkeztu gabe? jarraitzea deitoratu du Fede Garcia SOS Arrazakeriaren Arabako bozeramaileak. Hala eta guztiz ere, bitartekaritza prozesuari ?aukera bat? emateko prest azaldu da.