Gizartea -
Indarkeria futbolean
Jimmyren hiltzaileak ez daude borrokaren ostean atxilotutakoen artean
Epaileak aske utzi ditu 21 atzemandakoak, baina karguak egotzi dizkie.
Erredakzioa
Madrilgo 34. zenbakiko instrukzio epaitegiko epaileak aske utzi ditu igandean Atleticoren eta Deportivoren zale erradikalen artean izandako borrokaren harira atxilotutako 21 pertsonak, baina karguak egotzi dizkie.
Horren ondorioz, 21 pertsona horiek epaitegira joan beharko dute bi astean behin, Madrilgo Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Atxilotuek epailearen aurrean deklaratu dute, eta ukatu egin dute elkarrekin borrokatzeko hitzordua adostu zutela.
Fiskaltzak 9 pertsona kartzelatzea eta Vicente Calderon estadioan sartzeko debekua ezartzea eskatu zuen, baina epaileak baztertu egin ditu neurriok.
Aske geratu diren atxilotutakoen artean ez daude Francisco Javier Romero Taboada, Jimmy, Deportivoko zalearen hiltzaileak. Espainiako Poliziak borrokaren irudiak aztertzen jarraitzen du, hilketaren egileak identifikatu eta atzemateko.
Frente Atletico, Calderon estadiotik kanpo
Bestalde, Atletico Madrilek Frente Atletico talde erradikala betiko kanporatu du Vicente Calderon estadiotik, borroka jendetsuan parte hartzeagatik.
Deportivok, bere aldetik, bi partidarako itxiko du Riazor Blues taldearen harmaila.