Gizartea -
Euskararen Eguna
Euskarak 365 egun, euskarak 365 erronka
Euskararen Eguna dela eta, hamaika ekitaldi egingo dituzte gaur Euskal Herri osoan.
Erredakzioa
Urteko 365 egunetan izaten dugu ahotan, baina gaur, abenduaren 3an, ospatzen dugu Euskararen Eguna. Hori dela eta, Euskal Herri osoan hamaika ekitaldi egingo dira euskal hizkuntzaren alde, gure hizkuntzaren alde.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 30 urteetan 300.000 hiztun irabazi ditu euskarak, bereziki EAEn. Erabilera, baina, ez atzera ez aurrera dagoela erakusten dute azken ikerketek. Hori horrela, euskararik txarrena egiten ez dena dela aldarrikatuko dute ekitaldi ugaritan.
Besteak beste, Puntueus komunitatea abiatzeko prozesuan orain arte erroldatu diren domeinu-izenak aktibatzeko ekitaldi ofiziala egingo dute eguerdian EiTBk Bilbon duen egoitza nagusian. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartuko du parte bertan.
Bilboko Udalak Kafe Antzokia eta Itoiz musika-taldea omenduko ditu, eta, Bilbon bertan, Gure Sor Lekua (euskaraz egindako lehen filma) eskainiko du EHUk Bizkaia aretoan.
Donostian, beste hainbat ekitaldiren artean, belaunaldien arteko mintzodromoa egingo dute 12:00etan, San Telmo Museoaren Areto Nagusian.
Gasteizko Udalak, bere aldetik, Maskarada antzerki-taldearen lana eskainiko du.
Nafarroan, jaieguna ez ezik, aldarrikapen eguna ere bada, San Frantzisko Xabierkoarena, hain zuzen ere. Baztango Udalak, gainera, "Euskaraz bizi nahi dut" leloa jarri du udaletxean.
Azkenik, Ipar Euskal Herrian, XIX. mendean Antton Abadiak bultzatu zituen lore-jokoak berreskuratuko ditu Baionako Etxepare ikastolak.
#eusgara-ren mundu-mapa
Bestalde, eitb.eus-ek euskara mundu osoko zein txokotan erabiltzen den irudikatzeko mundu-mapa abiatu du.
Horretan parte hartzeko, txio bat idatzi #eusgara etiketarekin, eta eitb.eus-ek mapa batean kokatuko du.
Hiru gauza izan behar dituzu kontuan: Twitterren duzun profilak aukeratuta izan behar du txioak geolokalizatzeko aukera, smarthphone edo tabletaren GPSak aktibaturik behar du izan eta, txioa bidaltzerakoan, kokapenaren "ikurtxoa" aukeratu eta maparen kokapena baieztatu.